“Oso kezkatuta gaude, egunero errauste-plantaren tximinietatik ateratzen den ke-zutabe erraldoiak ikusten ari baikara”, zioten udal gobernu taldeko kideek astearte goiz honetan udalbatza aretoan egin duten agerraldian. Kezka eta ezinegon hau partekatzen duten gipuzkoar guztiak, Usurbilgo Udalak ostiral arratsaldeko 19:00etan udaletxe ataritik abiatuko den manifestaziora deitu dituzte, “alboan behar zaituztegulako”. “SOS Usurbil, erraustegia gelditu!” aldarripean egingo da Udalak antolaturiko mobilizazioa. “Laguntza eta babes eskaera bat da, Gipuzkoako herritarrei zein ingurumenaren zaintzarekiko ardura beren egiten duten gipuzkoar guztiei”.
Atzerapauso larritzat jotzen dute EHBilduko ordezkariek erraustegia probaldi fasean martxan jarri izana, Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu zuen egun berean hain zuzen. Are gehiago, urte luzez Udalak eta usurbildarrek erraustegiak herritarren osasun eta ingurumenean izan ditzakeen arriskuak salatzen aritu ostean. “Osasun arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik”.
“Garesti ordainduko dugu”
Usurbilen %90eko gaikako bilketa izanda, beste hainbat herriek ere alternatiba badela erakutsi duten arren, “garesti ordainduko dugu eskatu eta behar ez dugun azpiegitura hori”. Erraustegiko ke zutabeak “ondorengo belaunaldiei utziko diegun etorkizuna zein den” ezinhobeto islatzen dutela diote. “Etorkizun beltza, kaltegarria, kutsatua”. EHBilduren esanetan, “gure porrotaren irudia da”.
Arazo etiko, demokratiko, ekologiko eta ekonomiko latz baten aurrean gaudela gogorarazten dute. Egoera honen aurrean, manifestazioaz gain, Gipuzkoako alkateei gutun bana helarazi die Udalak, gaia haien udalbatzarretara eramateko eskatuz, “itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz gai honi buruzko eztabaida bidera dezaten parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan. Erantzukizunez”. Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori ere biltzea eskatu diote, “gure kezka eta ezinegonaren berri eman nahi baitiogu aurrez aurre”. Ekimen guztiok, erraustegia probaldi fasean martxan jarri zuten egun berean, azaroaren 28ko udalbatzarrean EHBilduk urgentziaz aurkeztu eta udal gobernu taldeak soilik babestu zuen mozioan iragarri ziren.