Zubietako erraustegia

Usurbilgo Udala: "Kezkatuta gaude, oso kezkatuta, eta horregatik egiten dugu laguntza eskaera, SOS deia"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 10a, 12:59

Usurbilgo Udalak SOS deia luzatu dio Gipuzkoari, astearte goiz honetan udalbatza aretoan egin duen agerraldian. "Kezkatuta gaude, oso kezkatuta, eta horregatik egiten dugu laguntza eskaera, SOS deia". Kezka eta ezinegon horretatik abiatuta, beste ekimenen artean, manifestazioa deitu du ostiralerako (19:00etan udaletxe ataritik), "SOS Usurbil, erraustegia gelditu" aldarripean. Gaurko agerraldian eman dituzte xehetasunak. Hemen udal gobernu taldeko kideek plazaratu duten adierazpena osorik:

ADIERAZPENA:
Usurbilgo Udaleko udal gobernu taldeko kideak gara eta azken osoko bilkuran udalbatzak azaldutako kezka, larritasuna eta erabakien berri emateko asmoz deitu zaituztegu agerraldi honetara. Dakizuen bezala, azaroaren 28an jarri zuten probaldi fasean Zubietako errauste planta. Zer diren kasualitateak, noiz eta Europako Parlamentuak larrialdi emergentzia klimatikoa deklaratu zuen egun berean, zer eta Gipuzkoan CO2 gehien isuriko dituen jarduerari eman zioten hasiera. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez.

Oso kezkatuta gaude, egunero errauste plantaren tximinietatik ateratzen diren ke zutabe erraldoiak ikusten ari baikara. Ez da kutsadura gaietan aditua izan behar jakiteko ketzar horrek ez digula ezer onik ekarriko. Gure paisaiaren parte bihurtu dira baina ez gaude bere horretan onartzeko prest. Irudi batek mila hitzek baino indar handiagoa dutela esan ohi da, eta uste dugu eguneroko irudi horrek ondo baino hobeto islatzen duela, gure seme-alabei, gure ondorengo belaunaldiei utziko diegun etorkizuna zein den. Etorkizun beltza, kaltegarria, kutsatua. Gure porrotaren irudia da. Ordezkari instituzional eta politiko belaunaldi honen porrota. Errauste plantaren proiektuak izan dituen gorabeheretan ez gara sartuko, baina uste dugu arazo etiko, demokratiko, ekologiko eta ekonomiko latz baten aurrean gaudela. Inork ez du aldamenean nahi eta hala ere derrigorrean egin beharrekotzat saldu zaigu. Dilema etiko horrek dimentsio latza hartzen du errauste plantak eragiten dituen osasun eta ingurumen kalteak aintzat hartuz gero.

Ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio, fidagarri eta modernoetan, errauste plantaren osasun kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. Berriki Zubieta Lantzen elkarteak errauste plantan martxan jarri aurreko azterketa zientifiko bat egin du. Kutsagaiak neurtzen hasteko bi ikerketa lerro zabaldu dituzte; errauste plantaren zero gunetik hurbil dauden herrietan. Oilategietan laginak hartu dituzte, dioxinak neurtzeko, eta Usurbil, Lasarte-Oria zein Andoaigo ama taldeek bularreko esnea eman dute aztertua izan dadin. Azterketa horiek martxan jarri aurretik eta martxan jarri ondorengo urteetan errepikatu nahi dituzte. Ikusteke beraz zer dioten. Izango da hala ere, ikerketa horiei sinesgarritasuna kentzen dienik. Gainera, ez dugu zertan iritzi bera eduki, baina osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski beharko luke arduraren eta prebentzioaren printzipioak aplikatzeko, beste ezeren aurretik. Osasunak eta ingurumenak kezkatzen gaitu gehienbat, gaurko eta biharko herritarrek jasan dezaketen eragina eta ondorengo belaunaldiei utziko diegun mundua. Ardura instituzionala dugun guztiok partekatutako kezka izango dela suposatzen dugu. Edonola ere, proiektu honi buruz hizketan ari garela, hauek ez dira gure kezka bakarrak, beste bi alderdiek ere arduratzen gaituzte. Batetik, proiektuaren kostu ekonomiko handiak eta horrek udaloi eragingo diguna. Bestetik, Europak etorkizunerako markatzen dituen direktibei entzungor eginez, Gipuzkoako hainbat herrietan abiatutako hondakinen tratamendurako bide jasangarriari muzin egitea. Alderdi humano, sozial, ekologiko eta ekonomikotik begiratuta, atzerapauso izugarria da beraz, errauste planta martxan jartzea; hondamendia.

Kontrakoa sinestarazi nahi gaituzten arren, Usurbilek eta Gipuzkoako beste herri batzuk erakutsi dute badagoela alternatiba. Usurbildarrok erakutsi dugu posible dela hondakinak kudeatzea, osasuna eta ingurumena aintzat hartuz. Gure eguneroko ohituretan aldaketa txiki bat egin genuen duela 10 urte eta gaur egun herrian sortzen den hondakinen ia %90a gaika biltzen dugu. Apenas sortzen dugu errefusarik. Hortaz, gure herritik errauste plantara apenas joango da ezer. Haatik, inposatu diguten zerbitzu horrengatik ordaindu beharko duguna izugarri garestia izango da. Izan ere, GHK-ren tarifikazio sistemak errefusa zamatu ordez saritu egiten du. Birziklatzea beraz, garesti ateratzen zaigu herritarroi. Kezkatuta gaude, oso kezkatuta, eta horregatik egiten dugu laguntza eskaera, SOS deia. Batetik, Gipuzkoako alkate guztiei gutuna igorri diegu. Karguaren ardurak sortzen duen konplizitateak elkar ulertzea erraztuko duelakoan gaude. Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, Zubietako errauste plantaren gaia euren herrietako udalbatzarretara eramatea eskatu diegu, itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida bidera dezaten, parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan. Erantzukizunez. Hainbat alkateek erantzun dute eta esker oneko hitzak baino ez ditugu eurentzat. Bestetik, bilera eskatu diogu Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari, gure kezka eta ezinegonaren berri eman nahi baitiogu aurrez aurre. Hain zuzen, kezka eta ezinegon horretatik abiatuta, ostiral honetarako manifestazioa deitu du Usurbilgo Udalak.

Dei egin nahi dugu manifestazioan parte hartzera, 19:00etan abiatuko da udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazatik. Alboan behar zaituztegulako, SOS Usurbil, erraustegia gelditu. Usurbilen asko entzuten den esaldi batekin amaituko dugu agerraldia. Burua duenak ez du ondoan nahi eta bihotza duenak ez du inon nahi.