Jostailu Erabilien Azokarako bilketa gaurtik Sutegin

Noaua Aldizkaria 2019ko abenduaren 12a

Larunbat goizean frontoian ospatuko den Jostailu Erabilen Azokarako material bilketa ostegun eta ostiralean bideratuko du Sutegin Hitz Aho Guraso Elkarteak. 

Abenduaren 14an, 11:00-12:30 artean frontoian ospatuko den Jostailu Erabilien Azokarako bilketa aurreko egunotan, ostegun eta ostiral honetan, hilaren 12an eta 13an bideratuko du antolakuntzak, Hitz Aho Udarregi Ikastolako guraso elkarteak; 17:00-19:00 artean Sutegiko erakustaretoan. 

Azokarako joko edo jostailurik utzi nahi duenak baldintza hauek bete behar ditu:
-Jostailuek osorik egon behar dute. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan.
-Bilketa egunetan jasotzen dena musu-truk emango da. Horren truke, nahi izanez gero, txartel bat jasoko du bakoitzak azoka egunean beste jostailuren batengatik aldatzeko.
-Azoka egunean jostailuak trukatzeko, 8 urtetik beherakoek, arduradun batekin parte hartu beharko dute.
-DVD eta antzekoek jatorrizkoak izan beharko dute.
-Piladun jostailuek funtzionatzen dutela erakutsi beharko da.
-Azoka amaieran bertan geratzen direnak “Ez itxi begiak” Elkarteak jasoko ditu.