Gipuzkoako Batzar Nagusien Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Batzordeak astelehen goizean egindako bileran Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenaren agerraldia antolatzeko eskaera egin zuen EHBilduk. Aho batez onartu zuten talde guztiek.
Aho bateko onespenaren ostean, agerraldirako hitzordua finkatu dute. Gipuzkoako Batzar Nagusietara helduko dira datorren astelehenean (abenduak 16) 10:30etan, Xua Gurasoekin Etxera herri plataformaren aldarri eta eskaerak. Aste hasieran herrialde honetako legebiltzarreko EHBildu taldeak aipatu herri bilgunearen agerraldia antolatzea eskatu zuen. EAJ-k, PP-k, PSE-k eta Elkarrekin Podemosek aho bateko babesa eman zioten eskaerari. Ondoko esteka honetan klikatuta jaso dezakezue Batzar Nagusietan gai honi buruz mintzatu ziren unea (2:14:56): https://youtu.be/lzRdYHqizw4
Honenbestez datorren aste hasieran, Xua Gurasoekin Etxera herri plataformako kideak Gipuzkoako Batzar Nagusietan izango dira, Xua Lasabagaster Urangak eta bere guraso Olatzek eta Patxik gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean bizi duten egoera azaltzen. Gogoan izan, Xuak 3 urte beteko ditu urtarrilaren 19an eta espetxetik irten beharko du, gurasoengandik bereiziko dute. Xuak bezala, gurasoek ere aspaldi behar zuten kalean, espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak baitituzte. Xua gurasoekin batera etxeratzeko lanean ari da, Usurbil, Orio eta Zarautz aldeko lagunek osaturiko herri plataforma.
Osoko bilkurara
Gipuzkoako Batzar Nagusietako EHBilduko ordezkari Aitor Aranzabalek Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Batzordearen aste hasierako bileran zioenez, "alderdi denekin egon dira Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideak. Eskaera zehatz bat egin ziguten, agerraldia antolatzearena eta ebazpen proposamen bat". Laster gauzatuko den agerraldia oso garrantzitsutzat jo zuen EHBilduk, "Xuaren senideek esateko dutena jasotzeko".
Aranzabalek iragarri zuenez gainera, "familiak eta Sare mugimenduko eledunek esaten digutena entzunda eta adostuta, aipatu ebazpen proposamen horrekin urtarrileko osoko bilkurara joatea planteatuko genuke". EHBilduren agerraldi eskaerak, aipatu moduan, gainerako talde politikoen aho bateko babesa jaso zuen.
Manifestuak 1.600etik gora atxikimendu
Xuarekin bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren etxeratzea eskatzeko manifestua kaleratua du aipatu herri ekimenak. Jada 1.621 atxikimendu bilduak zituzten. Zuen sinadura esteka honetan eman dezakezue: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera
Arartekotik Batzar Nagusietara
Herritar, eragile eta erakundeen babesa jasotzen ari da Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena. Orioko eta Usurbilgo udalbatzena, eta azken egunotan baita Arartekoarena. Herriaren defendatzaile lanak egiten dituen Arartekoarekin bildu ziren joan den ostegunean aipatu herri bilguneko ordezkariak, tartean, Xuaren amona Mari Karmen Anza. Herri ekimenak bere dinamika aurkeztu zion Arartekoari. "Arartekoak arreta handiz entzun ditu azalpenak eta, horrelako aferetan berezko eskuduntzarik ez izan arren, bere esku dagoen guztia egingo duela agindu die. Gizatasunagatik eta umearen hobebeharra lehenetsita, erabakiak hartzea dagozkien erakunde eta instituzioetara zuzentzeko prestutasuna agertu du".
Arartekora soilik ez, erakunde gehiagotara jotzeko asmotan dira; bai Gipuzkoako Batzar Nagusietara, baita Gasteizko Legebiltzarrera ere.
Manifestazioa abenduaren 28an
Eta orain arte bezala, hilero azken ostiraletan 20:00etan Mikel Laboa plazan mobilizatzen segiko dute, Xua gurasoekin etxera ekarri arte. Mobilizazio bereziak ere izango dira hurrengo asteotan; tartean, abenduaren 24ko gabonetako kantu-jiran. Urtarrilaren 11ko Bilboko mobilizazioa girotzeko Sarek ere manifestazio bana deitu du Hego Euskal Herriko hiriburuetan abenduko azken asteburuan. Donostiakoa hilaren 29an 12:00etan Bulebarretik. Gipuzkoako hiriburukoan Xua eta gainerako motxiladun umeen eskubideen aldekoa izango da, Xua gurasoekin etxera ekartzea galdegiteko hitzordua.
Material salmenta
Herri ekimena irudikatzen duen ixa handia soinean jantzita eramateko gonbita ere luzatua du ekainean jendaurrean aurkeztu zenetik, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak. Kamisetak edota ixa handidun pegatinak saltzeko nahiz manifestua sinatzeko postua jarri dute hilabeteotan eta hurrengo asteotan ere gauza bera egingo dute.
Informazio gehiago:
Twitter: https://twitter.com/EtxeraXua
Facebook: https://www.facebook.com/xuagurasoekinetxera/
Instagram: https://www.instagram.com/xuaetxera/?hl=es