Zubietako erraustegia

GuraSOS, Eguzki edo Greenpeace taldeek ere erraustegia geratzeko ostiraleko manifestazioan parte hartzera deitu dute

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 12a, 14:00

35 urtez gizartea eta natura CO2 eta isurketa kutsakorrak jasatera kondenatzea onartezintzat jotzen duenez, ostiralean (abenduak 13) 19:00etan Usurbilgo udaletxetik abiatuko den "SOS Usurbil, erraustegia gelditu!" manifestazioan parte hartzera deitu du GuraSOSek.

Erraustegia geratzeko ostiralerako Usurbilgo Udalak antolatua duen manifestaziora begirako atxikimenduak ugaritzen doaz azken orduotan. GuraSOSek ere bat egin du biharko (abenduak 13) mobilizazioarekin. 

"GuraSOSek dei egiten die Gipuzkoako familiei ostiraleko manifestazioan parte har dezaten, gaur egun gizakia eta natura 35 urteetarako CO2 eta isurketa kutsakorrak jasatera kondenatzea onartezina dela  adierazteko. Are gutxiago, beste alternatiba ez kutsakorrak daudenean", nabarmendu du, erraustegiak haien seme-alaben edo biloben osaunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldetik.

Greenpeace
Greenpeace Euskadik ere bat egin du biharko mobilizazioarekin; "ostiralean denok Usurbilen egingo den manifestaziora!".

Eguzki
Eguzki Euskal Herriko Talde Ekologista eta Antinuklearrak ere bat egin du mobilizazioarekin. "Eguzkiko kideok manifestaziora joateko asmoa dugu. Gure ustez, aukera ona da erraustegia salatzeko, noski, baina baita ere Madrilen ospatzen ari den COP25 edo Klimaren inguruko Goi Bilerari edo “gailurra”ri ekarpentxo bat egiteko. Izan ere, aspaldi ikasi genuen globalean pentsatzea eta lokalean ekitea txanpon beraren bi aldeak direla". Hartara diotenez, "ostiralekoa erraustegiaren aurkako hitzordua da, baina, nolabait esateko, Madrilgo COP25 ere Usurbilen egongo da".

Eguzkik ohartarazten duenez, "erraustegia martxan jartzen bada, datozen urteetan Gipuzkoan berotegi-efektuko gas-iturririk nagusietako bat izango da. Gauzak horrela, krisi klimatiko globalaren aurrean suminduta agertzea baina erraustegiaren aurrean beste alde batera begiratzea kontraesana litzateke. Kontraesan horretan eroso sentitzen dira gobernatzen gaituzten politikariak. Haiek, etengabeko “greenwashing” kanpaina batean murgilduta, gauza bat esan dezakete eta oso bestelako bat egin. Baina guk ez dugu uste krisi klimatikoak zinez kezkatuta daudenak kontraesan horretan eroso egon daitezkeenik".