San Tomas Azoka

"Irudipuinak" emanaldia igandean Sutegin, "Amona Tomaxaren abenturak" liburua argitaratu duten Ixabel Agirresaroberen eta Mattinen eskutik

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 13a, 08:21

Usurbilgo San Tomas azoka egunean, Ixabel Agirresarobek haurrentzako ikuskizun bat eskaini ohi du urtero. Neguko ipuinetatik tiraka, istorio ugari azaldu dizkie umeei. Aurten, Mattin marrazkilaria izango du bidaide. Igande honetan, abenduaren 15ean, eguerdiko 12:30ak aldera, Irudipuinak izeneko emanaldia eskainiko dute Sutegiko erakusketa gelan. Hitzekin eta irudiekin gozatzeko aukera aparta izango dute txikienek. Ordurako kalean izango da Amona Tomaxaren abenturak izeneko ipuina. Bi artistek lau eskutara osatu duten argitalpena NOAUA!rekin batera ban tuko dugu datorren astean.

NOAUA! Ipuin kontalari lanetan ibilbide luzea osatu duzu. Amona Tomaxarena egin izan duzu zuzeneko ikuskizunetan. Zer izan zen lehenago, pertsonaia edo ipuina?
Ixabel Agirresarobe. Pertsonaia hori Donostiako San Tomas azokan sortu zen, baserritarrei sariak banatzeko. Hanka Gorri antzerki taldeko kideak ginen orduan. Urte mordoxka bat izango dira. Urtero-urtero pertsonaia hori egiten nuen. Gero etorri ziren bere bizipenak.

“Amona Tomaxa baserrian bizi da. Arratzaingo bidean dagoen baserri batean. Edade handia dauka, baina oraindik sasoi onenean dago”. Hala hasten da osatu berri duzuen ipuina. Benetakoa al da Amona Tomaxa?
I. A. Ni oso kaletarra naiz baina nire jatorria baserrikoa da. Igeldo aldetik eta Añorga aldetik daukat familia. Garai batean, asko eta asko hemendik joaten ziren Bretxara berdura saltzera. Eta San Tomas eguna, ufa, oso fuertea zen. Amarengatik eta amonarengatik kontu asko iritsi zaizkit. Kontatu izan dizkidatenak eta okurritu zaizkidanak jaso ditut ipuinean.

Txikitan ikusitakoak ere akaso?
I. A.
Ez dut baserriarekin kontaktu handirik izan baina beti erakarri izan nau. Baserria beti iruditu zait oso bizia. 

Donostiako San Tomas azokara egindako irteera kontatu duzu ipuinean. Abentura gehiago ba al ditu Amona Tomaxak?
I. A. Mordoxka bat! Bai, bai. Eta abentura bakoitzean gertatzen zaizkionak halakoxeak dira. 

Kontu kontari azaldu izan duzun istorio hau liburuxka batean jasota ikusiko duzu laster batean. Zer suposatu du zuretzat?
I. A. Poz handia. Ni ahozkotasunean aritzen naiz burubelarri eta erronka handia izan da. Argitalpen honi esker, beste batek nire ipuin bat irakurtzeko aukera izango du eta hori urrats handia da niretzat. Oso pozik nago.

Ipuina paperera egokitzeko garaian, burukomin handiak izan al dituzu?
I. A. Bai. Konturatu naiz jendaurreko kontakizunetan onomatopeia asko erabiltzen ditudala. Eta idazterakoan ezin dut imintziorik egin, ezin ahotsik edo soinurik jarri. Hori dena hitzekin nola adierazi, akaso hori izan da gehien kostatu zaidana. Boz altuan kontatzen dudana ea idatzita ondo ulertuko ote den; hori izan da kezkarik handiena.

Adierazi nahi den hori transmititzeko garaian, irudiek asko laguntzen dute.
I. A. Bai, asko laguntzen dute.

Mattin: “Saiatu naiz hitzaren esanahia ez antzutzen”
NOAUA! Mattinek irudikatu duen modukoa imaginatzen al zenuen Amona Tomaxa?
Ixabel Agirresarobe.
Bai! Mattinek ezagutzen zuen Amona Tomaxa eta ederki jarri du bistan. Mugimendua bakarrik falta zaio!
Iñaki Martiarena, “Mattin”. Hori egingo dugu hurrengoan! Aurrekontua eta ordenagailu potente bat eskatuko dugu, kar, kar, kar. Berehala egingo dugu!

Mattin, enkargu hau jaso aurretik, ba al zenuen Amona Tomaxaren berri?
M. Bai, Ixabelek noizbait aitatu izan dit horretan jarduten duela. Banekien pertsonaia hori egiten zuela. 

Ipuina irakurri zenuenean, zer nolako inpresioa hartu zenuen?
M. Ona. Hitzaren eta irudiaren arteko harremana beti ez da egokiena izaten eta saiatu naiz hitzaren esanahia ez antzutzen. Testua osatzen saiatu naiz eta gustura geratu 
naiz emaitzarekin. Ohiko irudietatik ateratzen ahalegindu naiz. San Tomasen ohiko paisaia txertatuta dugu baina koloreak aldatuz saiatu naiz beste zerbait egiten. Ohiko iruditeriatik aparte dagoen zerbait eskaini nahi izan dut. Hartara, publikoak bere interpretazio propioa egin dezan.


“Gaur egungo San Tomas azoka zer 
den irudikatzen saiatu naiz”
NOAUA! Ipuina Usurbilen eta Donostian kokatzen da. Baserria eta hiria barnebiltzen ditu. Ilustratzeko garaian, helduleku asko aukeran, ezta?
Iñaki Martiarena, “Mattin”. Ez da arazo izan. Begiak itxi eta gaur egungo San Tomas azoka zer den irudikatzen saiatu naiz. Zer nolako jendea dabilen, paisaia... Gaur egun kokatu dut.

Bineta batean, eskuko telefonoarekin irudikatu dituzu herritar batzuk.
M. Hala da. Jende masa hori ere islatzen saiatu naiz. Koloreak ere aldatu ditut. Nire lana ezagutzen duena konturatuko da kolore bereziak egin ditudala.

Zer izan da zailagoa, pertsonaia osatzea ala pertsonaiaren ibilbidea irudikatzea?
M. Pertsonaia berehala etorri zitzaidan. Bere aurpegia, bere betaurrekoak, bere katiuskak...

Berriako Mantangorri gehigarrian argitaratzen duzu larunbatero Belardo komikia. 20 urte bete ditu Belardok eta liburu bat plazaratu berri duzu, ezta?
M. Hori kazetarien kontua da! 19 urte ditu. Urtebete falta zaio. 2020ko urriaren 20an beteko ditu 20 urte. Baina egia da, mugarri bat da eta horregatik osatu dugu liburua.

Belardo, ba al zatoz?, hala du izena liburuak. Antologia bat da edo aukeraketa bat?
M. Istorio berri bat da. Ez da bilduma bat. Gauza berri bat egin nahi nuen eta istorio luze bat idatzi dut. 60 orrialdekoa da liburua eta Berriak eman du argitara.

Hortaz, Durangoko Azokan, Berriaren postuan egongo da Belardoren liburua salgai.
M. Hori da. Eta larunbatean, hilak 7, Saguganbaran egongo naiz arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Liburua aurkeztearekin batera komiki tailer bat eskainiko dut Durangon.

‘Irudipuinak’ ikuskizuna eskainiko dute abenduaren 15ean Sutegin
NOAUA! Abenduaren 15ean, ‘Irudipuinak’ izeneko ikuskizuna eskainiko duzue Sutegiko erakusketa gelan. Zertan datza?
Ixabel Agirresarobe. Gure eskaintza publiko guztiarentzat da. Denera moldatzen gara. Ez dugu inolako eragozpenik. Saio bakoitzean aurkezpen txiki bat egiten dugu eta Mattin marrazten hasten denean ikus-entzuleek sorpresa handia hartzen dute. Ikustekoa da haur batzuen ezinegona! Eta zer nolako istorioak sortzen diren, hori ere ikusgarria da... Marrazki horrek ipuin bat dauka. Hori da gutxi asko eskaintzen duguna. Amona Tomaxa ere hantxe ibiliko da.
Iñaki Martiarena, “Mattin”. Horrelako saioak egiten hasi ginenean, niretzat erronka handia zen jendaurrean eta formatu handian aritzea. Duela 20 bat urte apenas egiten zen horrelakorik. Ez zegoen kultura bisualik baina publikoak ikaragarri eskertzen ditu horrelako saioak. Gauza xumeekin aritzen gara gainera. Horretan ere, transmisio lan handi bat egiten ari garela uste dut. Ez da entretenimendu hutsa gurea. Euskaraz aritzen gara, maila jasoan, eta grafikaren eta hitzaren bitartez estimulu positibo asko transmititzen ditugu. Umorezkoa da gainera!
I. A. Entzuleak bertatik bertara izaten ditugu. Eta asko gustatzen zaigu umeen partehartzea.


“Elkarlana izan denez, borobila izan da emaitza”
NOAUA! Ixabel aspaldian ezagutzen duzu. Laguntasuna tarteko, errazagoa egin al zaizu ilustrazio lana osatzea?
Iñaki Martiarena, “Mattin”.
Elkarlana izan denez, borobila izan da emaitza! Asko gozatu dut testuarekin. Ozen irakurtzeko testu bat da eta akaso hori du formaturik egokiena. Baina paperean argitaratuko zela jakin nuenean poz handia hartu nuen.

Abenduaren 13ko NOAUA!rekin batera banatu dugu ipuina
NOAUA!k argitaratu du Amona Tomaxaren abenturak izeneko ipuina. Abenduaren 13ko aldizkariarekin batera banatu dugu Usurbilgo etxe guztietan, doan.