Berriz ere haizeagatik 21:00ak arte abisu horian

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 16a, 08:00

Aginaga Sagardotegi atariko aparkalekua joan den ostiralean. Irudiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Haizeguneetan 100 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu "bereziki ekialdiko mendi inguruetan". Haizeguneak ez diren lekuetan, "hego-ekialdeko haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki ekialdean non 80 km/h ingurukoak izan daitezkeen", Euskalmet meteorologia agentziaren arabera.

Honenbestez, Euskalmet-en arabera, astelehen honetan Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi. Egunaren bigarren partean euria egin lezake, batez ere gauean. Hego-haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Bihar (abenduak 17), "egunaren erdiko orduetan giroa goibela eta oso euritsua izango da, egunaren amaieran atertzera egingo du eta ostarteak agertuko dira. Ipar-mendebaldeko haizea nagusi eguerdi aldera, amaieran hego-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da; eguneko minimoak azken orduetan neurtuko dira".

Larrialdi mahaiaren bilera gaur
Joan den ostiral goizaldean izandako haize bolada gogorrek zenbait txikizio eragin zituzten inguruotan. Zenbait zuhaitz edo zuhaitz zati botarazi zituen haizeak Aginaga Sagardotegi atariko aparkalekuan edota Atxegaldeko Alperro-buru kalean esaterako. Frontoiko euri-urak jaisteko hodietako bat askatu zuen baita eta Errekatxikiko biribilguneko bi poste ere bota zituen. Udaltzainak eta udal brigadako langileak kalteen gaineko informazioa batzen aritu ziren. Kalteen balantzea egiteko udal larrialdi mahaia biltzekoa da astelehen honetan.

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Abenduak 16, astelehena
Astelehenean, hego haizea nabarmenduko da. Hego edo hego-ekialdetik ibiliko da, boladaka gogor joko du eta haize begietan, batez ere mendi inguruetan, 100 km/h-ko abiadura ere gaindi dezakete ufadek, bereziki ekialdean. Haize lekuak ez diren lekuetan ere, tarteka indartsu joko du. Tenperaturan, aldaketa handirik ez da espero eta kantauri isurialdean epel puntuari eutsiko dio, 15-18 ºC-ko maximoekin, eta hegoaldean balio freskoagoak izango ditugu 10-13 ºC artekoak. Zeruan berriz, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak pasean ibiliko dira, eta momentu askotan zerua lainotuta geldituko bada ere, ateri eutsiko dio.

Abenduak 17, asteartea
Eguraldia kaskartu egingo da; euria eta hoztu egingo du. Goizaldean, kostaldetik hasita, haizea mendebal edo ipar-mendebaldera aldatuz joango da eta hortik aurrera eguraldia petraldu egingo da. Zerua estalita agertuko da eta euritara joko du; baliteke kantauri isurialdean tarteka zaparradak mardulak izatea. Nabarmen hoztuko du, batez ere kantauri isurialdean eta tenperatura maximoak 9-12 ºC artean geldituko dira.

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus