Mari Karmen Anza, Batzar Nagusietan: "Min eta sufrimendu hau guztia saihestu daitekeela uste dut"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 16a, 14:23

Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak eta Sarek goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian Xuaren amona Mari Karmen Anzak hitza hartu du. Bizi duten egoera bidegabearen lekukotza helarazi die talde politikoei.

Albiste baten berri ere eman du Mari Karmen Anzak. Berriki Arartekoarekin bildu ziren Anza bera eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimeneko ordezkariak. "Bere esku zegoen guztia egingo zuela esan zigun. Esan zigun ia zergatik ez zuten eskatzen Zaballara (Araba) espetxez aldatzea. (Olatzi eta Patxiri) esan nien eta hala egin dute, Zaballara lekuz aldatzea eskatu dute. Bigarren graduan daude, ez dakigu emango dieten edo ez. Nire zalantzekin jarraitzen dut", adierazi du Mari Karmen Anzak.

Gogoan izan hain zuzen, espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak. "Legeak dio kalean egon beharko luketela. Baina egoera orain dagoen bezala amaituko dugulakoan nago. Hori da nire iritzia, nahiago nuke nahastua egotea, baina hori da dudan inpresioa. 10 urteotan ez naiz erratu. Gogorra da baina hala da", adierazi die Anzak Batzar Nagusietako talde politikoei.

Xua, Olatz eta Patxiren senide gisa, Mari Karmen Anzak urteotan bizitakoa azaldu du Batzar Nagusietan:

MARI KARMEN ANZAREN LEKUKOTZA
"Haurra pixkanaka espetxetik ateratzen saiatzen hasi ginen, lehen aldiz sei hilabete bete zituenean. Pixkanaka bidea egiten joan gara, asteburu eta astetarte batzuetan kartzelatik ateratzen joan gara. Pisu bat alokatu genuen Almusafensen, espetxetik gertu, umearekin egon eta umea baldintza egokietan izateko. 

Hobetzen goaz egunerokoan, ondo egokitzen doa, baina batzuetan amarekin edo aitarekin egotea eskatzen du. Amarekin 24 orduz egoten da baina bere aitarekin ezin du egon. Aitarekin astero 80 minutuz egoten da. Ordu eta erdiko bis familiar bat eta 4 orduko beste bat izaten dute hilero.

Umeak geroz eta gehiago botatzen du faltan aita, "aitazulo" egina dago une honetan, baina arauak hala dira. Halere ezin dut ulertu, hainbeste hitz egiten da gurasoak haurraren hezkuntzan inplikatu behar direla... Baina hau hala da.

3 urte beteko ditu (Xuak) urtarrilaren 19an. Nirekin bizitzera etorriko da Usurbila. Gurasoengandik bereiztea oso gogorra izango da, egoera hala da eta hala onartu behar da. Halere min eta sufrimendu hau guztia saihestu daitekeela uste dut. Nik ez dut zalantzan jartzen beste pertsonen sufrimendua, baina gurea pixka bat kontuan hartzea gustatuko litzaidake. Batez ere haurrena. 3 urterekin ume bat gurasoengandik bereiztea eta umeak gero gurasoak ikusi ahal izateko ia 1.200 kilometroko joan etorria egin beharra, guztira 5 ordu eta erdi eta 40 minuturengatik.... Ez nago ziur nola egingo dugun. Hilean behin egingo dugula pentsatzen dut, haurra txikia baita eta azken aldian bidaiak zailak izaten ari dira, ez baitu kotxean sartu nahi. Ez du eserlekuan eseri eta lotzerik nahi. Azken aldiz hiru ordu laurden joan zen esanez "askatu!", eserlekutik askatzeko eskatzen zigun. Gogorra da".