Duela astebete EHBilduk eskatu eta aho bateko babesa jaso ostean, Gipuzkoako Batzar Nagusien Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko Batzordean agerraldia egin dute astelehen goizean Sarek eta Xua Gurasoekin Etxera herri plataformak. Gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean Xuak eta bere guraso Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak bizi duten egoera aurkeztu diete batzarkideei.
Xuak urtarrilaren 19an 3 urte betetzean legediak hala aginduta espetxetik irten beharko du, gurasoengandik bereiziko dute. Une horretatik aurrera, eta espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenez, jada baldintzapean aske behar zuten gurasoak bisitatu ahal izateko "1.100 kilometroko bidaia egin beharko du Xuak", Sareko bozeramaile Inaxio Oiartzabalek azaldu duenez.
Xuaren egoera berean dira 105 adin txikiko, 105 motxiladun haur guztira, haietatik 42 Gipuzkoan. "Zergatik egin behar dituzte hainbeste kilometro?" galdetu du Oiartzabalek. "Erantzun bakarra datorkigu, mendekua". Duela bi urte gai hau plazaratzen hasi zirenetik, "orain badakigu bizi duten sufrimenduak zer nolako arazo eta hutsuneak uzten dituen".
Egoera honetan legedia betetzea eskatu du Sareko ordezkariak, eta espetxe politika aldatzeko azken urteotan eremu sindikal, sozial edota politikoan saretzen joandako adostasun zabaletan sakontzea. "Horretarako aktibazio soziala behar beharrezkoa dela uste dugu eta erakunde ezberdinak bide horretan lagungarri izatea baita".
Sare eta Xua Gurasoekin Etxera herri plataformako kideekin batera talde politikoek hartu dute hitza.
EHBildu: "Sufrimendua saihesterik badagoela uste dugu"
EHBilduk eskatu zuen duela astebete gaur Xua Gurasoekin Etxera eta Sarek egin duten agerraldia. Aitor Arantzabal ordezkariak aipatu duenez, urtarrilaren 19an Xuak hiru urte betetzean izango den bereizketa, "apurketa mingarria izango da. Sufrimendua saihesterik badagoela uste dugu, legeak hala finkatzen duelako, ez gabiltza ezer asmatzen". Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak 12 urteko espetxe zigorretik 10, hiru laurdenak beteak dituztela gogorarazi du, "kalerako bide hori garatu daitekeela dio legeak".
Animu mezua helaraztearekin batera, "Xua gurasoengandik gutxienez ahalik eta gertuen egotea nahi genuke, urrunketarik ez egotea eta familiaaren batasun hori mantentzea". Argi adierazi du, "espetxe politika berri bat behar dugu, egungoa mendekuan eta salbuespenezko arautegi batean oinarritua dago. Adiskidetzera heltzeko oztopo nabarmena da".
EAJ: "Babesten zaituztegu, kausa justu baten alde ari zarete"
Hala adierazi du EAJ-ko batzarkide Ianko Gamboak. "Zuzenbide penalak ez luke mendekuarengatik zigortu behar", gaineratu du, "zuzenbide penalaren helburua gizarte osoa babestea eta presoen birgizarteratzeko tresna" dela gogorarazita. Gaia testuinguruan kokatuta, Olatz Lasagabasterren eta Patxi Urangaren Kasuari heldu dio; laburbilduz zioenez, "justiziaz eta gizatasunez jokatu behar dugula uste dut". Bere esanetan, "ondo ikusiko genuke legedia arrunta aplikatzea. Nik neuk inoiz ez dut sinetsi salbuespenezko legedian, mendekuaren usain mingotsa antzeman izan diot beti".
Horrekin batera zioenez, kasu honetan bada bere ustez kontuan hartzeko beste alderdi bat ere. "Adin txikikoaren interes hoberena defendatzearen printzipioa, Xuaren interesak defendatzea alegia". Olatzi eta Patxiri baldintzapeko askatasuna aplikatzearen alde agertu da, "familia honi aukera emateko, bizitza berri bat hasi dezaten". Sufrimendu guztien erreparazioa bidea dela sinetsita eta 50 urteko gatazka armatuari behin betiko bukaera ona emateko, zioenez, "ez dezagun ekidin daitezkeen sufrimendu berriak sortzen utzi". Albiste pozgarritzat jo du, Usurbilgo eta Orioko udalek onarturiko mozioak, "adiskidetze sozialaren eta herri honen bake bidean".
Elkarrekin Gipuzkoa: "Adin txikikoaren interesa lehenetsi behar da"
"Gure babes eta esker ona adierazten dizuegu bihotz bihotzez", adierazi die Elkarrekin Gipuzkoa taldeko batzarkide Marivi Eizagirrek gaurko agerraldian parte hartu duten Xua Gurasoekin Etxera eta Sareko ordezkariei. "Ama gisa, egoerarekin enpatizatzen dut eta bereizketa horren mina ulertzen dut". Are gehiago, haurrak hiru urte dituela jakinda. Eizagirreren esanetan, "gure hazkuntzan, egoki garatzeko denok gurasoengandik gertu egon behar dugu. 3 urterekin haur bat ez dago garatua, ez du ezer ulertzen..."
Olatzek eta Patxik espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak izanda, "adin txikikoaren interesa lehenetsi behar da. Horrek justifikatuko luke denak Usurbila etortzea".
PSE: "Legediak aurrera egin eta errealitate berrietara egokitu behar du"
"Animoak eman nahi dizkiogu amona Mari Karmeni, eta aurrera!" adierazi dio Xuaren amonari PSEko batzarkide Arritxu Marañonek. Bere esanetan, ez luke eragozpenik egon behar, "urrunketarik egon ez, familia batasuna lehenetsi eta ume horrek erosotasun eta aukera onenak izateko".
Zorionez garaiak aldatu direla gogorarazi du eta "legediak aurrera egin eta errealitate berrietara egokitu behar du". Usurbilgo eta Orioko Udalek urria amaierako udalbatzarretan onartutako mozioekin bat egin du Marañonek. "Bere garaian mozio hori babestu genuen eta orain ez dugu ezberdin jokatuko Batzar Nagusietan". Onarturiko moziookin "garrantzitsuena dena, 3 urteko haurraren aldeko interesen alde egitea lortu genuen adostasunez. Hori lehenetsi behar dugu guztiaren gainetik, haur horrek izan dezala beste edozein pertsonen pareko etorkizuna".
PP: "Mina denok bizi izan dugu"
Xua Gurasoekin Etxera herri ekimeneko eskaeren aurrean kritiko edo desados agertu den bakarra izan da PP. "Bere printzipio biolentoei eta barkamena eskatu ez duen banda armatu bateko kide batek zergatik izan behar ditu espetxe onurak? Zergatik izan behar du gizarteak eskuzabaltasun hori?", galdetu du Juan Carlos Canok.
1995etik PP-ko kargudun publiko gisa bizitzea egokitu zitzaiona ekarri du gogora. "Mina denok bizi izan dugu". Gizarte honek adiskidetzea behar duela ulertzen duela dio Canok, baina ulertezina deritzo alabagatik, "borroka armatuari uko egin eta barkamena eskatzeko sakrifizioa ez egitea". Bere esanetan, "hori ez badute egiten, zer nolako adiskidetzeaz eta birgizarteratzeaz ari gara?". Bere iritziz, "gaizki egin zuela onartzen ez duena, birgizarteratzearen aurka doa".