Gaur abisu horian haizeagatik, ostegunean alerta laranjan

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 18a, 07:09

Haizeak gogor joko du datozen orduotan; adi, asteazken eguerdiaz geroztik abisu horian gara haizeagatik. Baina gauerditik aurrera, gutxienez 24 orduz alerta laranjan izango gara. 120-130 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu, bereziki osteguneko bigarren zatian eta mendi inguruetan. Guztia, Atlantikoan kokaturiko Elsa izena jarri dioten borraska baten eraginez.

Aurreko ostiral goizaldean bezala, haizeak gogor joko du hurrengo orduotan. Adi; asteazken gauerdira arte abisu horian izango gara. "Hego-osagaiko haize boladek, hego-mendebaldekoa nagusituz, baliteke 100 km/h-ko abiadura gainditzea haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Haizeguneak ez diren lekuetan, haize-boladak 60-70 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki mendebaldean".

Gauerdian alerta laranjara igaroko gara haizeguneetan. Gutxienez 24 orduz, "hego-osagaiko haize boladek, ekialdean hego-ekialdekoa nagusituz eta mendebaldean hego-mendebaldekoa, baliteke haizeguneetan 110-120 km/h-ko abiadura gainditzea egunaren lehenengo zatian eta egunaren bigarren partean 120-130 km/h-ko abiadura gainditzea, bereziki mendi inguruetan".

Haizeguneak ez diren tokietan abisu horian jarraituko dugu ostegun arratsaldeko 15:00ak arte. "Hego-osagaiko haize boladek, ekialdean hego-ekialdekoa nagusituz eta mendebaldean hego-mendebaldekoa, baliteke 80 km/h-ko abiadura gainditzea haizeguneak ez diren lekuetan".

Baina haizeguneak ez diren tokietan ere alerta laranjan izango gara, ostegun arratsaldeko 15:00etatik gauerdira arte gutxienez. "Hego-osagaiko haize boladek, ekialdean hego-ekialdekoa nagusituz eta mendebaldean hego-mendebaldekoa, baliteke 90-100 km/h-ko abiadura gainditzea haizeaguneak ez diren lekuetan".

Egun haizetsuak
Egoera honetan, gaur (abenduak 18) Usurbilen, "goizaldean zerua hodeitsu egongo da eta baliteke euri txikia egitea. Eguerdian eguzkitsu egongo da, arratsalde-gau partean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugaritu egingo dira. Hego-haize bizia. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira". 

Bihar (abenduak 19), "Zerua hodeitsu agertuko da, eta egunaren bigarren partean hodeitza handituz joango da. Noizbehinka euri txikia egingo du; gauean zenbait lekutan ertaina egingo du. Hego-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira.".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Abenduak 18, asteazkena
"Gaur hasita, hurrengo egunetan hego haize zakarra izango da protagonista. Atlantikoan kokatuko den Elsa deituriko borraskak, hego haize zakarra eragingo du. Goizean haizea indarra hartuz joango da eta boladaka oso gogor joko du, batez ere haizeguneetan. Gainerako lekuetan ere, tarteka gogor joko du. Haize honekin, zeru-gaina nahiko garbi agertuko da eta ostarte politak gailenduko dira; arratsalde erditik aurrera hodeiguneak ugarituz joango dira. Tenperatura dezente igoko da eta kostaldean 17-18 ºC-ra gerturatuko dira maximoak eta barnealdean balio baxuagoetan geldituko dira, 12-14 ºC artean".

Abenduak 19, osteguna
"Hego haizea bazterrak astinduz eta zeruan hodeiak nagusituko dira. Haizeak gogor joko du hegotik egun guztian eta ufadarik gogorrenak egunaren bigarren zatian espero dira. Zeruan hodeigune trinkoak nagusituko dira eta han-hemenka eta noizbehinka zaparrada batzuk bota ditzake; baliteke lekuren batean trumoi-ekaitzak jotzea, probabilitate handiagoarekin mendebaldean eta gauean. Tenperatura maximoak baliteke hegoaldean koska bat gora egitea".

Abenduak 20, ostirala
"Aldaketa txiki batzuk. Ostegun gau eta ostiral goizalde bitartean, fronte baten etorrerarekin haizea mendebaldera aldatuko da; zerua estalita eta han-hemenka zaparradak botako ditu eta baliteke ekaitzak jotzea lekuren batean. Gainerako orduetan, hodeitza saretuago agertuko da eta han-hemenka euri-zarrastadaren bat bota dezake, batez ere kantauri isurialdean. Tenperatura jaitsi egingo da.".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus