Dantza, otsailaren 22ko Inauteri Festa egunez mozorrotzeko gaia

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 18a, 11:27

Aukeratua dugu gaia! Otsailaren 22an (larunbata) ospatuko dugun Inauteri Festarako zertaz mozorrotu hautatua dugu. Iaz jostalarien herria izan bagenuen Usurbil, 2020an dantzariez josiko zaigu herria. Dantza da bi hilabete barru ospatuko dugun jaialdirako mozorrotzeko gaia. Zirimara eskola kiroleko proiektu eraberrituko kideen ekarpena izan da. Hasi mozorroa prestatzen!

Fikzioa errealitate bilakatu dugu Usurbilen, oestearekin edota Hollywood-ekin. Ipuin eta marrazki bizidun ezagunak biziberritu izan ditugu. Zine munduko nahiz beste hainbat eremuetako aurpegi ezagunak ekarri genituen Usurbilgo plazara. Denbora atzera ere egin genuen, Erdi Aroraino. Eta denboran bakarrik ez, munduan barrena bidaiatu izan dugu; kultura ezberdinetara, musika bidelagun. Urpean murgildu gara, eta urpeko nahiz ur azaleko xomorroez bete izan zaigu Usurbil.

Ingurumena balioan jarri, langileria omendu edota zirkoarekin dibertitu izan gara eta joan den martxoan jolasean aritu ginen. Denetarik denontzako mozorro festak izan ditugu azken bi hamarkada hauetan. Eta 2020an? Aurten dantzarako gonbita luzatzen dizuegu.

AURREKO INAUTERI FESTETAN...
2020/2/22: dantza.
2019: jolasak.
2018: ospetsuak.
2017: Ingurumena.
2016: lanbideak.
2015: ipuinak.
2014: Erdi Aroa.
2013: musika.
2012: mitologia.
2011: itsasoa.
2010: zirkoa.
2009: Olinpiar Jokoak.
2008: xomorroak.
2007: Brasil.
2006: marrazki bizidunak.
2005: Usurbil, Oesteko herri.
2004: Hollywood.
2003: munduko kulturak.
2002: extralurtarrak.