Tokiko merkataritzak eta ostalaritzak gune propioa eguberriotan, Hurbilagoren lurraldea

Herri merkataritza eta ostalaritza eremu nagusirako sarbide den babarrun formako Eroskiren saltoki ondoko biribilgunea, Hurbilago lurraldea izango dugu asteotan. Argidun etxolez apaindu dute eremua. Eta ez da sorpresarik faltako; abenduaren 23an Olentzero bertara etorriko da haurren gutunak biltzera.

Zenbat sorpresa eta opari utziko dizkigun laster jakingo dugu. Etxez etxe ibiliko da Olentzero abenduaren 24ko gauean. Baina adi, bere opariak jaso aurretik, lehenago ikusiko dugu gure artean. Lanez jositako egunari ekin aurretik, “Hurbilago herrialdean” barneratuko da bezperan, hilaren 23an.

Hurbilago aipatuta, herriko ostalari eta merkatarien elkartea badatorkigu, ez gabiltza oker. Aipatu elkarteak “Hurbilagoren herrialdea” eraikiko du eguberriotan; elkartearentzako esanguratsua den kokagunean. Herri merkataritza eta ostalaritza eremu nagusirako sarbide den babarrun formako Eroskiren saltoki ondoko biribilgunean. Bai, Errekatxiki, Zubiaurrena eta Belmonte kaleek bat egiten duten eremua, “Hurbilagoren herrialdea” izango dugu eguberriotan. Euskal Herriko ikazkin ezagunena bertara helduko da hilaren 23an iluntzeko 19:30etan.

Haur, gazte zein helduok; prestatu Olentzerorentzako zuen eskariak idatziz. Gerturatu aipatu egun, ordu eta lekura, Aliprox ondoko errotondara. Berari harrera egin eta zuen gurariak jasotzeko prest izango da Olentzero.

Herri giroa piztera
Eremua inguratzen duten argindar posteen gainkaldeei begiratu egunotan. Honez gero, urte garai honetarako egurrezko etxolekin apainduak aurkituko dituzue. Eta egurrezko etxolei so egin ostean, hurbildu Hurbilago Elkarteko kide diren saltokien erakusleihoetara. Etxolok izango dituzten argi lanparatxoekin apainduko dituzte.

Gogoan izan, pizgarri ugari aurkituko dituzue herriko saltokietan. Kontsumoa igotzen den urte garai honetan ere Usurbilen erosteak abantaila bat baino gehiago dakartza. Herri merkataritza eta ostalaritza, herri giroa pizturik eustea herritarron esku dago, argi denez.