10. Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa
Hurbilagok herri merkataritza eta ostalaritzaren alde abenduaren 31rako antolatutako 10. San Silbestre Herri Lasterketarako izen ematea zabalik da. Parte hartu nahi dutenek, honako saltoki hauetan eman dezakete izena doan: Aizpurua Okindegia, Alkartasuna kooperatiba, Arruti Harategia, Bordatxo, Esnaola Lurrindegia, NI ile-apaindegia, Intza ile-apaindegia, Itzira, Laurok, Lizardi, Juantxo Burdindegia, Otar Goxo eta Usurbil Optika. Abenduaren 31n bertan ere, frontoian zuzenean aukera izango da izena emateko. Behin izen ematea eginda, kamixeta bana oparituko diete parte hartzaileei, agortu arte.
Urteko azken egunean urtero egiten den lasterketa frontoitik abiatuko da arratsaldeko 5etan. Guztira lau kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, herri merkataritza eta ostalaritza eremuari bi itzuli emanda. Lasterketa amaitzean, opari banaketa egingo dute parte hartzaileen artean, bai eta Usurbilgo denden Gabonetako Zozketa ere. Sari berezia ere izango du mozorrorik onena soinean daramanak.
Gabonetako Zozketa
Adi; egiten duzuen erosketa bakoitzeko Hurbilagoren Gabonetako Zozketarako txartela jasoko duzue. Zuen datu pertsonalekin osatu eta denda bereko kaxan utzi. Zozketa, abenduaren 31ko Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa amaieran egingo da, frontoian. Herrian erosteko apustua egiten dutenen artean, bi lagunentzako 12 otordu sarituko dira.
Gabonetako Parkea
Herri merkataritza eta ostalaritza eremua jolasparke erraldoian bilakatuko du Hurbilagok aurtengo gabonetan ere. Abenduaren 27an eta 28an Usurbilgo kaleetan hainbat atrakzioetan ibiltzeko aukera izango dute haur eta gazteek. Aukera zabala izango da, askotariko jolasak gustoko dituztenentzat: puntuazio porteria, giza futbolina, Kubic rokodromoa, lanzadera, Jumping erraldoia, haurrentzako saltogune elastikoa, bideo jolasak, lau gurpileko motorrak eta paintballa.
Sarrerak doan eskuratzeko aukera eskaini du Hurbilagok. Abenduaren 26ra arte egindako erosketen trukean puntuak emango dizkiete bezeroei jolasparkeaz goza dezaten. 20 euroko erosketa bakoitzeko puntu bat eskuratuko dute bezeroek, eta 10 punturekin, egun osorako sarrera eskuratuko dute doan.
Abenduko azken ostiral eta larunbatean Mikel Laboa plazan, Dema plazan, Askatasuna plazan eta frontoian egongo da kokatuta jolasparketa, goiz eta arratsalde. Bi egunetan, ordutegia berbera izango da. Goizetan, 11:30etatik 14:00 arteko tartean irekita egongo da parkea, eta bertan izango dira begiraleak ere. Arratsaldez, berriz, 16:30etatik 21:00 bitarte.
Pintxojira
Joan den asteburuan egin bezala, Pintxojira ospatuko da baita hilabeteko azken asteburuan ere. Hurbilago Elkarteak herri merkataritza eta ostalaritza suspertzeko urte amaierarako iragarri duen ekimenen artean da. Hurbilago Elkarteak tabernetako giroa ere piztu nahi du urte amaiera honetan, Pintxojira ekimenaren bidez. Artzabalen, Aitzagan, Bordatxon, Gurian, Txiribogan eta Txirristran 2,5 euroren truke mokadutxoa, edaria (zuritoa, sagardoa, urteko ardoa, muztioa eta ura) eta zigiluekin osatzen joateko txartela eskuratuko duzue. Taberna bakoitzeko zigilu bat. Bost tabernetan pintxoa eta edaria dastatu eta bost zigilu eskuratuta, seigarren mokadu eta edaria doan!