Berri txarrak errepideetatik. Bi istripu gertatu dira amaitzear dugun asteburu honetan, Usurbil zeharkatzen duten bi errepide nagusietan. A8an istripua jazo zen larunbatean, 27. kilometroan, Aritzeta inguruan, Irungo noranzkoan. Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi Zerbitzuek berri eman zutenez, bi zauritu eragin zituen istripuak, biak Donostia ospitalera eraman zituzten.
N-634 errepideko 5,6. kilometroan gertatu zen bigarren istripua, Usurbil eta Aginaga artean, Oriorako noranzkoan, ostiraletik larunbaterako gauerdian. Bi autok elkar jo zuten eta istripuak zauritu bat eragin zuen Jaurlaritzaren Larrialdi Zerbitzuen arabera. Biharamunean Ertzaintzak baieztatu zuenez ordea, bi pertsona larriki zauritu ziren, bi autoetako gidariak hain zuzen; 72 urteko emakume bat eta 42 urteko gizonezkoa. Bi autoek elkar jo zutenean, bi zaurituak autoetan harrapatuak geratu ziren. Bertaratu ziren suhiltzaileek atera behar izan zituzten ibilgailuetatik. Aipatu moduan, biak larriki zaurituta, Donostia ospitalera eraman zituzten. Istripuaren ondorioz, Oriorako noranzkoan N-634 errepidea itxi behar izan zuten.