Hurbilago aipatuta, herriko ostalari eta merkatarien elkartea badatorkigu, ez gabiltza oker. Aipatu elkarteak “Hurbilagoren herrialdea” eraiki du eguberriotan; elkartearentzako esanguratsua den kokagunean. Herri merkataritza eta ostalaritza eremu nagusirako sarbide den babarrun formako Eroskiren saltoki ondoko biribilgunean. Bai, Errekatxiki, Zubiaurrena eta Belmonte kaleek bat egiten duten eremua, “Hurbilagoren herrialdea” izango dugu eguberriotan. Euskal Herriko ikazkin ezagunena eta Mari Domingi bertara helduko dira Kalezartik gaur (abenduak 23) 19:00etan.
Haur, gazte zein helduok; prestatu Mari Domingi eta Olentzerorentzako zuen eskariak idatziz. Gerturatu aipatu egun, ordu eta lekura, Aliprox ondoko errotondara. Beraiei harrera egin eta zuen gurariak jasotzeko prest izango dira.
Herri giroa piztera
Eremua inguratzen duten argindar posteen gainkaldeei begiratu egunotan. Urte garai honetarako egurrezko etxolekin apainduak aurkituko dituzue. Eta egurrezko etxolei so egin ostean, hurbildu Hurbilago Elkarteko kide diren saltokien erakusleihoetara. Etxolok izango dituzten argi lanparatxoekin apainduko dituzte.
Gogoan izan, pizgarri ugari aurkituko dituzue herriko saltokietan. Kontsumoa igotzen den urte garai honetan ere Usurbilen erosteak abantaila bat baino gehiago dakartza. Herri merkataritza eta ostalaritza, herri giroa pizturik eustea herritarron esku dago, argi denez.
Adi erosketei
Egunotan Hurbilago Elkarteko saltokietara gerturatuta sariak irabazi edota aipatu bilguneak antolaturiko ekimenetan izen emateko aukera izango duzue. Egiten duzuen erosketa bakoitzeko, abenduaren 31ko 10. Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa ostean egingo den Gabonetako Zozketarako txartela eskuratuko duzue; bi lagunentzako 12 otordu zozketatuko dira. Aipatu lasterketarako ere izena eman ahalko duzue Hurbilagoren saltoki jakinetan; izena ematen duten lehen 100 lagunei kamiseta oparituko zaie. Eta Hurbilagoren dendetan egiten duzuen 20 euroko erosketa bakoitzeko, abenduaren 27 eta 28rako antolatu duten Gabonetako Parke Erraldoirako puntu bat jasoko duzue. 10 puntu bilduta, parkerako sarrera doan!