Alkatearekin solasean

Alkateak udal aurrekontu berrien xehetasunak azaldu dizkigu

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 23a, 10:53

Ur-hornidura sistema berritzea, Emakumeen Etxea eraikitzen hastea, Txokoaldeko gaztetxea birmoldatzea, Aginagako Elutx bidea garatzea, Etxealdia auzoaren irisgarritasuna hobetzea... Egitasmo hauetaz guztietaz hizketan aritu gara Agurtzane Solaberrieta alkatearekin.

 

Bestelako kontuez ere aritu gara alkatearekin hizketan. Zumarte Musika Eskolaz, Txikierdiko igarobideaz, herri merkataritza sustatzeko planaz edota Oiardo kiroldegiko berritze-lanez. 

 

“Zumarteko obrek uztailaren 17rako amaituta egon behar dute”

 

"Ez da Txikierdik beharko lukeen soluzioa"

NOAUA! Txikierdin, semaforo bat ipini berri dute Troia parean. Dena den, arazoa askoz konplexuagoa da. Hau konpontzeko egitasmorik ba al du udaletxeak?

Agurtzane Solaberrieta: Pasa den legealdian proiektu bat landu zuen Eusko Trenbide Sareak (ETS), Udalarekin elkarlanean, eta soluzio integrala ematen zion tren-pasabideari eta errepideari; Troia eta Ugaldea bidegorri batez lotuz. Herritarrentzat segurua eta irisgarria.

Aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzera bota zuen, kostu handiegia zuelakoan, eta erakunde bakoitzak bere aldetik eman dio soluzioa bere zatiari: ETSk barrerak jarri ditu eta Diputazioak semaforoa eta zebrabidea jarri du errepidean. Aipatu behar dut obrak hasi zituztela Udalari ezer jakinarazi gabe, eta gurekin harremanetan jarri gabe.

Zerbait da, baina ez dugu uste hori denik puntu arriskutsu horrek beharko lukeen soluzioa.

 

 

 

"Herri-merkataritza biziberritzeko planari heldu diogu”

NOAUA! Hurbilagok herri merkataritza sustatzeko lanean dihardu. Era berean, Urbilek bere merkataritzagunea handitzeko egitasmoari eusten dio. Zertan dira gauzak?

Agurtzane Solaberrieta: Bere garaian Urbilek handitzeko asmo bat azaldu zuen. Proiektu bat ere landua du, baina esan behar da udalean ez dutela inoiz eskaera ofizialik aurkeztu (...).

Hala ere, gu kezkatuta gaude egoerarekin. Azken bolada honetan, maiz iristen zaizkigu merkataritzagune handiei buruzko albisteak. Donostialdea inguruan, Irundik Usurbilera arteko lur-eremuan, 200.000 metro koadro gehiago okupatuko lirateke jarduera komertzialetarako. Horrek izugarrizko desegonkortasuna ekarriko dio sektoreari, eta ondorio konponezina gure herrietako komertzio eta denda txikiei. Horregatik, ezinbestekoa da Jaurlaritzak esku hartzea eta egoera arautzea, berandu izan baino lehen.

Horretaz gainera, merkataritza elektronikoaren gaia hor dago. Bistan da azken urteotan izugarri aldatu direla gure erosteko ohiturak.

Testuinguru honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza-, kontsumo- eta bizi-ohiturak zaintzea, eta gure herriko izaera, erro sakonak dituena, babestea. Herri biziak nahi ditugu, eta tokiko merkataritza herri bizien berme da. Eta, beraz, ez dut dudarik herri-merkataritza bereziki zaindu beharreko sektorea dela eta hori sustatzeko neurriak behar direla.

Alabaina, ez da aski esatearekin. Egin, egin behar da. Eta horretan gaude, buru-belarri. Herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana eguneratzeko zereginari heldu berri diogu. Hurrengo urteetarako ildo-estrategikoak, helburuak, egitekoak eta finantziazioa zehaztuko dituen plana, hain zuzen ere. Iparra argi izateko baina, aurrez informazioa behar da. Egoeraren gaineko azterketa zehatza behar da, eta, horretan ari da Siadeco egunotan, Udalaren eskariz. Izan ere, ezinbestekoa da jakitea gai izango ote den Usurbilgo merkataritza-sektorea tokiko merkataritzak dituen erronka berriei erantzuteko. Toki gutxitan egin da halako azterketa soziodemografikorik, eta, zentzu horretan, aukera hau baliatu nahi dut Siadecori eskertzeko Usurbilekin duen konpromisoa eta iniziatiba.

 

“Oiardo kiroldegiko gradak berrituko ditugu”

NOAUA! Oiardo kiroldegian hainbat inbertsio egin dira azken urteotan. 2020ko udal aurrekontu proposamenean ere, beste inbertsio bat aurreikusi duzue. Zertan datza?

Agurtzane Solaberrieta: Horretan jarraitzen dugu. Aurreko legealdian inbertsio garrantzitsua egin zen: igerileku txikia handitu eta irisgarri jarri da, ezinbesteko obra inklusioaren norabidean eta usurbildarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. Une honetan ere kanpoko futbol zelaiko zorua aldatzeko lanak daude martxan, eta, datorren urtean eskubaloi zelaiko gradak berrituko ditugu. Kiroldegia ireki zirenekoak dira eta berritu beharra daude.