Zauritu bat Ingemar parean, trenbideko oinezkoen pasabidean

Goizeko 11:30ak pasatxoan izan da ezbeharra trenbidean, Ingemar parean dagoen oinezkoen pasabidean. Lagun bat zaurituta eraman dute ospitalera. Usurbilgo Udalak beste behin gogorarazi duenez, "puntu arriskutsuei irtenbide bat ematea ezinbestekoa eta presazkoa da".

Ezbeharren urte amaiera izaten ari gara Usurbilen. Aurreko asteburuan bi auto istripu jazo ziren, herri hau zeharkatzen duten A-8 eta N-634 errepideetan. Beste ezbehar baten berri heldu zaigu gaur trenbidetik, Ingemar pareko oinezkoen pasagunetik hain zuzen. Antza, Oriorantz zihoan goizeko 11:34ko trena Usurbila heldu den unean gertatu da. Lagun bat zauritu da Ingemar pareko oinezkoen pasagunean. Zaurituta eraman dute ospitalera. Halakoetan ohikoa den moduan, istripuak Donostia eta Zumaia arteko tren zerbitzua eten eta atzerapenak eragin ditu. Eguerdirako jada ohiko martxan zebiltzan trenak bai Donostia aldera, baita Oriorantz ere.

Udala: "Irtenbide bat ematea ezinbestekoa eta presazkoa da" 
Usurbilgo Udalak berri eman duenez, "zauritua ospitalera eraman dute baina proben zain, arriskutik kanpo dagoela dirudi". Udaletik azpimarratzen dutenez, "tamalez, istripu honek are modu nabarmenagoan islatzen du segurtasun falta. Pasabide seguruak behar ditugu".

Hain zuzen, N-634 errepidearekin batera, Troia, Ingemar edota Txokoalde pareko trenbideko oinezkoen pasaguneak ditugu herriko beste puntu arriskutsuak, Usurbil jasangarriago eta seguruago baten alde lan egiteko 2018ko martxoan jendaurrean aurkeztu zuten "Puntu beltzik ez" herri plataformak gogorarazi izan duen moduan. Hauei guztiei, "irtenbide bat ematea ezinbestekoa eta presazkoa da", Udaletik nabarmentzen dutenez.

Udaletik iragarri dutenez, "dagokien arduradunekin harremanetan jarraituko dugu arazoa konpon dezaten".

Lau zauritu bi istripuetan
Asteburu gatazkatsua izan genuen aurrekoa Usurbil zeharkatzen duten bi errepide nagusietan. A-8an istripua jazo zen hilaren 21ean, 27. kilometroan, Aritzeta inguruan, Irungo noranzkoan. Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi Zerbitzuek berri eman zutenez, bi zauritu eragin zituen istripuak, biak Donostia ospitalera eraman zituzten. 

N-634 errepideko 5,6. kilometroan gertatu zen bigarren istripua, Usurbil eta Aginaga artean, Oriorako noranzkoan, ostiraletik larunbaterako gauerdian. Bi autok elkar jo zuten eta istripuak zauritu bat eragin zuen Jaurlaritzaren Larrialdi Zerbitzuen arabera. Biharamunean Ertzaintzak baieztatu zuenez ordea, bi pertsona larriki zauritu ziren, bi autoetako gidariak hain zuzen; 72 urteko emakume bat eta 42 urteko gizonezkoa. Bi autoek elkar jo zutenean, bi zaurituak autoetan harrapatuak geratu ziren. Bertaratu ziren suhiltzaileek atera behar izan zituzten ibilgailuetatik. Aipatu moduan, biak larriki zaurituta, Donostia ospitalera eraman zituzten. Istripuaren ondorioz, Oriorako noranzkoan N-634 errepidea itxi behar izan zuten.