Xua Gurasoekin Etxera

Babes zabala izan du, Xua eta motxiladun haurren egoera salatzeko Donostian egin den kalejirak

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 28a, 20:56

Xua gurasoekin etxeratzea eskatu eta motxiladun haurrek bizi duten egoera bidegabea salatzeko manifestazio jendetsua egin da larunbat eguerdian Donostian. Milaka lagun batu ditu.

Porrotxekin batera haurrek garraiatu eta Xua gurasoekin etxeratzeko aldarria irudikatzen duen ixa handi batek abiarazi du kalejira alai, koloretsu eta musikatua Donostiako Bulaberreko kioskotik. Hiriburu erdigunea zeharkatu du guraso bat edo biak espetxe ezberdinetan Euskal Herritik urrunduak dituzten haur motxiladunen egoera bidegabea salatzea helburu zuen manifestazioak.

103 dira Euskal Herriko haur motxiladunak. Egoera aldatzen ez bada, laster, kolektibo horretara batuko da Xua usurbildarra ere. Urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu, eta hiru urteotan Valentziako Picassenteko espetxean amarekin bizi eta baimendu izan diotenean aitaren bisitak jaso ostean, Espainiako legediak behartuta, gurasoengandik urrunduko dute Xua eta amona Mari Karmen Anzarekin bizitzera etorriko da Usurbila.

Gurasoek espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak dituztela jakinda, jada kalean behar zuten Xuarekin batera, bere guraso Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak. Hiruren etxeratzearen alde lanean dihardu "Xua Gurasoekin Etxera" herri plataformak. Plataformaren aldarria irudikatzen duen ixa handi batek zeharkatu ditu gaurkoan Gipuzkoako hiriburuko kaleak. 

Mobilizazioa Sarek deitu du. Urte amaiera honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitu duten manifestazioetako bat izan da gaurkoa Donostian. Urtarrilaren 11n Bilbon eta Baionan iragarri dituen mobilizazio nazionalak girotzeko baliatzen ari dira hitzorduok.

DATOZEN DEIALDIAK
Abenduak 31, asteartea
20:00 Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko, euskal presoen eskubideen aldeko topa Dema plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Urtarrilak 8, asteazkena
9:00 Gipuzkoako Batzar Nagusien hileroko osoko bilkura. Bertan, Xua gurasoekin etxera ekartzeko mozioa aztertuko dute.

Urtarrilak 11, larunbata
15:00etan Baionan eta 17:00etan Bilboko La Casillatik "Orain presoak, atera bidera" manifestazio nazionalak. Usurbildik Bilbora autobus zerbitzua. Izen ematea aurrez, Aitzagan, Txiribogan eta Bordatxon.
Deitzailea: Sare.

Urtarrilak 19, igandea
11:30 Xuak hiru urte beteko dituen egunean, "Gora motxilak!" motxiladun haurren eskubideen aldeko ekitaldia Donostiako Atano pilotalekuan Porrotxekin.
Deitzailea: Sare.

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko eta Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.