Xua Gurasoekin Etxera

"Urtarrilaren 19an Xuari zorionak zuri kantatuko diogu Atanotik"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 28a, 20:39

Kantuan eta dantzan, Xuaren eta haur motxiladunen eskubideen aldeko irriez bete dute manifestariek Donostiako Alderdi Eder, Sarek eguerdian Donostian deitu duen kalejira amaierako ekitaldia. Porrotxek gidatu duen hitzorduan, kontsentsuetatik konpromisoetara igarotzea eskatu da, giza eskubideak lehenestea. Dena, irribarrea galdu gabe. Hurrengo hitzordua ere iragarri dute Alderdi Ederren; Xuaren urtebetetze egunez Donostiako Atanon egingo dena.

"Hemen gaude giza eskubideak aldarrikatu eta exijitzeko", hasi du ekitaldia Porrotxek. Denboran atzera egin du; egun 20 urte dituen gazte motxiladun baten kasua ekarri du gogora. "20 urte pasa dira eta oraindik ez dago Euskal Herrian kartzela bakar bat ere amentzeko modulu bat duenik, eta berriak eraiki dira Gasteizen eta Iruñean", gogorarazi du Porrotxek.

Bistan denez ordea, gogorarazten zuenez,  "giza eskubideentzat ez dago lehentasun eta planifikaziorik". Baina irribarrea galdu gabe zioenez, "hori da lortuko duguna, denak etxeratzea". 

Haur motxiladunen ekitaldia
Hurrengo hitzordua, urtarrilaren 19an 11:30etan Donostiako Atano frontoian, Xuak hiru urte beteko dituen egunean hain zuzen. "Urtarrilaren 19an Xuari zorionak zuri kantatuko diogu Atanotik", iragarri du Porrotxek. "Gora motxilak!" izeneko hitzorduaren gaineko zenbait xehetasun iragarri ditu baita. "Pailazo eta musikariak soilik ez, protagonistak herrialde guztietako eta adin guztietako haur motxiladunak izango dira". Ekitaldirako sarrerak sare.eus atarian jarriko dituzte salgai. "Hartu azkar, agortuko dira eta denak!".

Sakabanatuak diren presoei besarkada handi bana helaraziz amaitu dute ekitaldia eta gogoraraziz, "zaila izan daiteke, baina ez gaindiezina. Txikiak izan gaitezke baina elkartuta indartsuak". 

Ekitaldia Beñat Gaztelumendik girotu du bertsookin:


BEÑAT GAZTELUMENDIREN BERTSOAK
Umeak ume izan behar du
hala esaten da sarri
espetxeetan ordea ez da 
horrelakorik igarri
gure herrian zenbat zauri eta
zenbat mendeku egarri
zenbat gatazka zenbat gorroto
zenbat motxila mingarri
horren pisua ezin da gure
haurren bizkarrean jarri

Hainbeste ume beren motxila
eta izen ta abizen
espetxearen krudelkeria
beren larruan nozitzen
hasi gaitezen bide berriak
elkarrekin irekitzen
aritu ordez iraganeko
zauri zaharrak berritzen
etorkizuna hasi dadila
orainaldia bizitzen