Pare bat urte igaro dira motxiladun haurren egoera argitara eman genuenetik. Bi urte aita, ama edo biak espetxean dituzten haurrek bizi duten egoera salatzen hasi ginenetik. 30 urte bete dira ordea, espainiar estatuak urrunketa politika ezarri zuenetik. Euskal presoen senide eta lagunek ehunka eta milaka kilometro eta errepidean bizitza jokatzera zigortu zituenetik. Zigor honen aurpegi ilunena da motxiladun haurrek jasaten dutena.
Honenbestez denbora daramagu eskatzen behin betiko amai dadila motxiladun haurrek pairatzen duten sufrimendu hau. Gogorarazten dizuegu oraindik 105 motxiladun haur direla bere aita, ama edo bien espetxeratze eta urruntzea sufritzen dutenak. Haietatik bost daude espetxean, bere ama edo kasuren batean baita aitarekin; lau Valentziako Picassenten eta bat Madrilgo Aranjuezen.
Haur jaioberriak kartzelan hiru urte bitarte egoten dira eta 3 urteak betetzean ama edo gurasoengandik bananduak izaten dira. Honek bi eratara eragiten dio haurrari. Batetik, gurasoengandik eta ordura arte ezagutu duten bizitzatik aldendua izateak dakarren kalte psikologikoa. Bestetik haurrak banaketa jasateaz gain, datozen urteetan gurasoak ikusteko egin beharko dituen kilometroak eta honek dakarren guztia.
Hau da Xuak biziko duen egoera urtarrilean. Xuak 3 urte beteko ditu datorren urtarrilaren 19an eta horrek esan nahi du gurasoak Valentzian utzi eta amonarekin etorri beharko duela Usurbila, ia 600 kilometrotara. Honenbestez, dagozkion asteburuetan 600 kilometro joan eta 600 kilometro etorri, 1.200 kilometro.
Xua bezala dabiltzan 105 motxiladun haurrek kilometro pila bat egin behar dituzte asteburuetan, eskolak galduz, etxeko lanak egiteko denborarik gabe, lagunen urtebetetze ospakizun jaietan ezin egonez, aisialdiko denbora galduz azken finean.
Uste dugu denon erantzukziuna dela egoera honekin amaitzea, denoi dagokigu eta etorkizuna eraikitzea datozenentzat. Jarraipena eman behar diegu azken urteotan eraikitako akordio politiko, sindikal eta sozialei, haur motxiladun arazoaren irtenbidea eskatzeko. Deialdi bat egiten diogu jendarteari; aktiboki jarrai dezala aldarri honekin.
Urte hau motxilan daramaten pisua kentzen amaitu nahi dugu, kalean. Eta 2020. urtea indar handiagoz hasi nahi dugu. Urtarrilaren 11n Bilboko eta Baionako kaleak beteko dituen manifestazioan parte hartzearen garrrantzia azpimarratu nahi dugu. 2020a motxiladun haurren auziari aterabidea ematen diogun urtea izan dadin. 2020. urtea espetxe politika aldatuko dugun urtea izan dadin. Horregatik, motxila gora jaurtiiz hasi nahi dugu urtea. Urtarrilaren 19an Xuaren hirugarren urtebetetze egunean, Donostiako Atano pilotalekuan, goizeko 11:30etan Porrotxekin batera egingo dugun "Motxilak gora!" ikuskizunean parte hartzea dei egiten dizuegu. Bete dezagun Atano eta jaurti ditzagun guztiok motxilak gora!
Ez ahaztu, motxiladun haurrak zuekin gaude, maite zaituztegu! Motxiladun haur guztiak gurasoekin etxean egon daitezen, motxilak gora! Xua eta motxiladun haur guztiak gurasoekin etxean nahi ditugu!