Urtea herri merkataritza eta ostalaritzaren alde lasterka eginez agurtzeko aukera asteartean

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 30a, 07:22

Iazko 9. Hurbilago San Silbestre Lasterketa.

10. Hurbilago San Silbestre Lasterketa ospatuko da astearte honetan (abenduak 31). 17:00etan abiatuko da frontoitik. Adi, lasterketa amaieran, izena eman dutenen artean sariak eta Hurbilagoren Gabonetako Zozketa ospatuko dira!

Heldu da urtea eta oraingoan baita hamarkada ere agurtzeko unea. Usurbilen hain zuzen, agurtzear dugun hamarkada honetan urte berriari lasterka batean egin izan zaio ongi etorria. Gaurkoarekin hamargarren ediziora heldu da Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa. Herri merkataritza eta ostalaritzaren aldeko ekimenean parte hartzera gonbidatzen gaitu herriko dendari eta ostalarien bilgune den Hurbilagok.

Lasterketa gaur (abenduak 31) arratsaldeko 17:00etan abiatuko da frontoitik. Guztira lau kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, herri merkataritza eta ostalaritza eremuari bi itzuli emanda. Hasi bezala, frontoian amaituko da lasterketa. Ekimenean izena emana duzuenon artean hainbat sari zozketatuko dira. Sari berezia ere izango du mozorrorik onena soinean daramanak. Horrekin batera, azken asteotan Hurbilago elkarteko saltokietan erosketak egin dituzuenok ere adi ibili; herrian bizitzeaz gain, erosketak herrian bertan egin dituztenen artean bi lagunentzako 12 otordu banatuko dira, Hurbilagoren Gabonetako Zozketan.