Topa berezi honek aipatu moduan, euskal presoen eskubideen aldarria izan du ardatz nagusia. Euskal preso eta iheslariekin batera, bereziki, jada kalean behar zuten arren, gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak segitzen duten Xua, Olatz eta Patxiren etxeratzea eskatu dute usurbildarrek urteko azken egun honetan frontoian. Urte zaharra agurtu eta berriari begira, gaur egokitzen den moduan, topa eginez.
Gogoan izan, 3 urte beteko ditu Xuak urtarrilaren 19an eta egun horretan, Espainiako legediak behartuta, gurasoengandik bereizi eta urrunduko dute. Hainbat ekimen deitu dira azken asteotan; berriki, besteak beste, Xua eta gainerako haur motxiladunen eskubideen aldeko manifestazio jendetsua egin zuten joan den larunbatean.
Mozioa, mobilizazioa, ikuskizuna...
Datorren urte hasierarako ere hitzordu gehiago deitu dira; batetik, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bestetik, Xuak 3 urte beteko dituen egunean, urtarrilaren 19an, "Motxilak gora!" ikuskizuna antolatu da Donostiako Atanon.
Eta lehenago, Sarek urtero deitutako mobilizazio nazionala urtarrilaren 11n Bilbon eta Baionan. Bizkaiko hiriburura joateko autobus zerbitzua antolatuko da Usurbildik. Izena ohi bezala, aurrez ohiko tabernetan eman beharko da.
DATOZEN DEIALDIAK
Urtarrilak 8, asteazkena
9:00 Gipuzkoako Batzar Nagusien hileroko osoko bilkura. Bertan, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko dute.
Urtarrilak 11, larunbata
15:00etan Baionan eta 17:00etan Bilboko La Casillatik "Orain presoak, atera bidera" manifestazio nazionalak. Usurbildik Bilbora autobus zerbitzua. Izen ematea aurrez, Aitzagan, Txiribogan eta Bordatxon.
Deitzailea: Sare.
Urtarrilak 19, igandea
11:30 Xuak hiru urte beteko dituen egunean, "Gora motxilak!" motxiladun haurren eskubideen aldeko ikuskizuna Donostiako Atano pilotalekuan Porrotxekin. Sarrerak aurrez 6 eurotan sare.eus atarian salgai. Bestela, egunean bertan 8 eurotan. 0-2 urte artekoek sarrera doan.
Deitzaileak: Sare eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena.
Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko eta Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.