2020ko ordenantza fiskalen egutegia, noiz zer ordaindu

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 2a, 09:01

Urte amaieran behin betiko onartu zituen Usurbilgo Udalak, 2020ko ordenantza fiskalak eta baita egutegia ere. Azken urteon ildotik, orohar Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) aplikatuta eguneratu ditu Udalak hilabeteotarako udal zerga ordenantzak. Urte berrian sartu garen unetik bertatik indarrean dira jada. Hemen duzue 2020ko ordenantza fiskalen egutegia; noiz zer ordaindu jakiteko modua.

Epea zabalik izan zen artean, erreklamaziorik aurkeztu ez zenez, Usurbilgo Udalak urriaren 17ko udalbatzarrean hasieraz onarturiko 2020rako ordenantza fiskalak behin betiko onartu zituela berri eman zuen, abenduaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren (GAO) bidez. "Arauzko informazio publikoko epea amaitu eta erreklamaziorik jaso ez denez, behin betirako onartu dira 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginez, zerga, tasa, prezio publiko, kontribuzio berezi eta zerga kudeaketaren ordenantza fiskalean eginiko aldaketak", berri eman zuen.

Azken urteon ildotik, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) aplikatuta eguneratu ditu Usurbilgo Udalak, 2020ko zerga ordenantzak. KPIaren aplikazioa urte berrirako ordenantza fiskalak eguneratzeko baliatuko den irizpide orokorra izan bada ere, badira zenbait salbuespen; gizarte eta kirol zerbitzuetan esaterako, udal sail hauetako proposamena hartu da kontuan.

Hemen duzue, estreinatu berri dugun 2020an noiz zer ordaindu jakiteko modua:

EGUTEGIA
Urtarrilak 2-31: Asteroko merkatuaren erabilpen tasa – aurreko urteko 4. hiruhilekoa.
Otsailak 3-martxoak 16: Ura, estolderia eta hondakinak – aurreko urteko 4. hiruhilekoa.
Martxoak 2-apirilak 16: Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga.
Apirilak 3-30: Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 1. hiruhilekoa.
Maiatzak 2-ekainak 15: Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 1. hiruhilekoa.
Maiatzak 15-uztailak 1: Ondasun higiezinen gaineko zerga.
Uztailak 1-abuztuak 3: Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 2. hiruhilekoa.
Abuztuak 1-irailak 16: Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 2. hiruhilekoa.
Irailak 1-urriak 1: Espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa).
Urriak 1-azaroak 10: Ekonomi jarduera gaineko zerga.
Urriak 1-30: Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 3. hiruhilekoa.
Azaroak 2-abenduak 16: Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 3. hiruhilekoa.
Azaroak 2-30: Bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...)
Azaroak 2-30: Emakida administratiboak (atxega jauregia, udal baratzak...)