Datorren Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 3a, 09:16

2020ko urtarrilaren 26an ospatuko den mendi bizikleta gaineko proba herrikoirako antolakuntzak azaroan zabaldutako izen emateak irekita jarraitzen du. 

Aurreko edizioetan urtarrilean bideratu izan dituzte inskripzioak. Oraingoan, 2020ko urtarrilaren 26an ospatuko den kirol probarako izen ematea azaroan zabaldu zuten, kirolprobak.com atarian. Mendiko bizikleta gaineko probaren bederatzigarren edizioan parte hartu nahi duten 16 urtetik gorako kirolariek izena aurrez emateko aukera dute oraindik hilaren 24ko gaueko 22:00ak arte. Prezioen berri hemen:
-Federatu gabeek: 22 euro.
-Federatuek: 20 euro.

Urtarrilaren 26an, proba egunean ere izena eman ahalko da, 8:45ak baino lehen antolakuntzaren mahaian, 30 euroren truke. Antolakuntzak ohartarazi duenez, "14-16 urte arteko txirrindulariek proban parte hartzeko aukera izango dute baldin eta uneoro heldu baten ardurapean badaude. Kasu hauetan, izena ematea irisasibtt@gmail.com korreoaren bidez beteko da".

Parte hartzaileei zuzenduriko antolakuntzaren oharra. "Gipuzkoako Diputazioak basoen eta naturaren kontserbazioa lortzeko kudeatzen dituen bideak eta ingurune babestuak erabiltzen ditugu IRISASI BTT trabesia antolatzeko. Beraz, errespetatu beti antolakuntzak ezarritako eta balizatutako ibilbidea, bertatik atera gabe", ohartarazi dute.