Xua Gurasoekin Etxera

Xua eta gurasoen egoera, gaurko ETB-ren "Ur Handitan" saioan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 7a, 10:54

"Emakumea bere bakardadean", kartzelan dauden emakumeen errealitatea jorratuko du astearte honetan (urtarrilak 7) 22:00etan hasita ETB1-ek eta eitb.eus atariak eskainiko duten "Ur Handitan" saioak. Xua eta gurasoek bizi duten egoera plazaratuko du Euskal Telebistaren erreportajeak.

"Emakumeek kalean bizi duten berdintasun eza areagotu egiten da kartzelan, eta euren beharrak eta nahiak asetzeko zailtasun handiak dituzte. Gizonek eurentzako eraikitako espazioetan nola bizi ote dira emakumeak? Emakumea izateak kartzela zigorra are gogorragoa egiten al du? 'Ur Handitan' saioan errealitate hori azalarazten saiatuko dira", hala iragarri du Euskal Telebistak.

"Ur Handitan" sainaren atal berri bat eskainiko du euskarazko telebista kate publikoak astearte honetan (hilak 7) 22:00etan; eitb.eus ataritik ere zuzenean ikusi eta entzun ahalko da. 

Mari Karmen Anzaren lekukotza
Espetxean bizi diren emakumeen eta haien senide hainbaten egoera aztertuko du erreportajeak; tartean, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta jada aspaldi kalean behar zuten arren, gugandik 600 kilometrora Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak segitzen duten Xua eta bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren egoera. 

Xuak hiru urte beteko ditu urtarrilaren 19an eta Espainiako legediak behartuta gurasoengandik bereiziko dute. Usurbilen biziko da amona Mari Karmen Anzarekin. "Ur Handitan" saioan hain zuzen, Anzak bere lekukotza eskainiko dio Xabier Madariaga aurkezleari. 

"Olatzek hamar urte daramatza espetxeratuta eta etxetik urrun. Bertan Xua jaio zen. Laster, alabak hiru urte betetzean, amarengandik eta aitarengandik banatuko dute eta kartzelatik kanpo amona Mari Carmenekin bizitzen hasiko da. Lan horretan Ainarak lagunduko die, Olatzen lagun minak", hala aurreratu du Euskal Telebistak ohar bidez.

ETB-k zabaldu duen gaurko saioaren aurrerapen bidoan agertzen da Mari Karmen. Alaba Olatzengatik galdetzen dio aurkezleak. "Eta zuretzat gogorrena? Niretzat, bera hemen ez izatea, nirekin etxean. Gogorra egiten zait, gogorra egiten zait" dio Mari Karmenek. Berak askotan esaten dit; ama, egun osoko kafe bat hartu behar dugu noizbait! Horrenbeste gauza ditugu batak besteari esateko. Eta egia da". Mari Karmenen lekukotza osoa gaur 22:00etan Euskal Telebistan.

"XUA GURASOEKIN ETXERA": DATOZEN DEIALDIAK
Urtarrilak 7, asteartea

22:00 "Emakumea bere bakardadean" ETB-ren "Ur Handitan" saioan. Xua eta gurasoen egoera aztertuko da.

Urtarrilak 8, asteazkena
9:00 Gipuzkoako Batzar Nagusien hileroko osoko bilkura. Bertan, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak aurkezturiko mozioa aztertu eta bozkatuko dute. 

Urtarrilak 11, larunbata
15:00etan Baionan eta 17:00etan Bilboko La Casillatik "Orain presoak, atera bidera" manifestazio nazionalak. Usurbildik Bilbora autobus zerbitzua. Izen ematea aurrez, Aitzagan, Txiribogan eta Bordatxon.
Deitzailea: Sare.

Urtarrilak 19, igandea
11:30 Xuak hiru urte beteko dituen egunean, "Gora motxilak!" motxiladun haurren eskubideen aldeko ikuskizuna Donostiako Atano pilotalekuan Porrotxekin. Sarrerak aurrez 6 eurotan sare.eus atarian salgai. Bestela, egunean bertan 8 eurotan. 0-2 urte artekoek sarrera doan.
Deitzaileak: Sare eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena.

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko eta Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.