Elkarrekin Gipuzkoa: "Pozik hartuko genuke Xua gurasoekin batera hazi eta garatzeko aukera emango dion edozein ebazpen"
"Araudi guztietan agertzen da adingabekoaren interes gorena" babestea, Elkarrekin Gipuzkoako batzarkide Maria Valientek zioenez. Autonomia, estatu eta Europa mailako araudietan irizpide erabakigarria da, "adin txikikoei eragiten dieten edozein neurri eskatu eta hartzerakoan". Adin txikikoaren interes gorena lehenetsi behar dela beste edozein interesen gainetik zioen. Araudien testuinguru hau Xuaren kasura ekarrita argi zioen. "Elkarrekin Gipuzkoak argi du, kasu berezi baten aurrean gaudela".
Valientek gaineratzen zuenez, "jende gehiegiri sufriarazi zion egoera eta garai ilun bat gogora ekartzen digu. Egoera honek terrorismo delituengatik espetxeratuak dauden presoei hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eskuratu ahal izatea zaildu die".
Halere gogorarazi duenez, Xuaren gurasoek indarrean den araudiko baldintzak betetzen dituzte "hirugarren gradua aplikatua izateko. Baldintzapeko askatasuna aplikatu beharko litzaieke".
Elkarrekin Gipuzkoak botereen banaketan eta independentzia judizialean sinesten duela azaldu du Valientek. Horregatik zioen, "pozik hartuko genuke Xua gurasoekin batera pertsona gisa hazi eta garatzeko aukera emango dion edozein ebazpen. Milesker eta animo senide eta lagunei".
PSE: "Denbora gutxi barru Xuak gurasoengandik gertu jarrai dezala"
PSE-ko batzarkide Arritxu Marañonen esanetan, ETA desagertu ostean ireki den garai politiko eta sozial berrian "beharrezkoa da espetxe politika berri bat diseinatu eta inplementatzea". Errealitate sozial berri honi erantzun behar dio espetxe politika berriak, "berrezi eta birgizarteratzera" bideratua egongo dena, pertsonen eskubideen aldekoena izango dena, espetxealdien gizatasun, eragindako minaren erantzukizun, delituen prebentzio eta birgizarteratze printzipioei erantzungo diena.
Horrekin batera, espetxe politika berriak espetxealdia presoaren sorterritik gertuko kartzeletan betetzea bideratu behar duela irizten dio PSE-k, urruntzeak presoen senide eta lagunentzat dakartzan kostu eta arriskuak saihesteko. Marañonek onartu du, hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna aplikatzeko legediak hainbat muga dituela, delitu terroristengatik zigorturikoentzat. "ETAk jarduera behin betiko eten eta desegin ostean ireki den garai berri honetan", espetxe politika berriak baldintzapeko askatasuna aplikatzea ahalbidetzearen alde egin du, "aurreikusitako baldintzak betetzen badira eta modu indibidualean".
Alderdi politikoen gehiengoak espetxealdiagatiko urruntzeak eragindako deserrotzea saihestearen alde agertu den honetan dator Marañonen esanetan, gaurko osoko bilkuran ia alderdi politiko guztiek onartu duten ebazpen proposamena. "Xuaren alde kasu honetan. Gainerako haurren haurtzaro berdina eta merezi duen etorkizuna izan dezan. Dena ondo atera dadila, eta denbora gutxi barru Xuak gurasoengandik gertu jarrai dezala".
Bide batez harro agertu da, Gipuzkoarentzako elkarbizitza eta etorkizun berria eraikitzen aurrerabidean doazelako gizartea eta erakundeak.
EHBildu: "Bide guztiak jorratu behar dira, egoera bidegabe hauek ekiditea nahi badugu"
"Banaketa oso mingarria izango da", adierazi du EHBilduren batzarkide Aittor Arantzabalek. Baina urtarrilaren 19an Xua eta gurasoen artean izango den bereizketa ekidin daitekeen sufrimendua dela gogorarazi du, "izan ere Olatzek eta Patxik 12 urteko zigorretik 10 urte bete baitituzte, hiru laurdenak baino gehiago. Espainiar estatuko legedia arrunta aplikatuta, biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea izango lukete. Hori da Xua Gurasoekin Etxera plataformak eta Sarek eskatzen dutena; salbuespenezko legedia alboratzea eta Xua bere gurasoekin etxera ekartzea, banaketa mingarririk ez gertatzea hain zuzen".
Arantzabalen esanetan, "justiziagatik Xua gurasoengandik ez lukete banatu beharko baina baita ere elkarbizitzaren mesedetan". Hain zuzen gai hau Batzar Nagusietara ekarri eta "ia erabateko adostasuna lortzea, garrantzia handiko urratsa dela deritzogu".
Sarek eta Xua Gurasoekin Etxera plataformak eginiko lan handia aitortu du. Landu dituzten harremanak, jaso duten babesa (2.300 sinadura, 100 talde baino gehiagoren atxikimenduak...), tartean gaur Batzar Nagusien gehiengoarena, baina "zoritxarrez eskatzen ari garena ez bada lortzen eta hilaren 19an Xua bere gurasoen ondotik banantzen badute, motxiladun haurra izatera igaroko da", ohartarazi du Arantzabalek.
Egun guraso bat edo biak espetxean dituzten adin txikikoak 104 dira, 13 bi gurasoak espetxean dituztenak, 42 gipuzkoarrak. "Bide guztiak jorratu behar dira egoera bidegabe hauek ekiditea nahi badugu", besteak beste, gaurko ebazpen proposamena onartuz edota larunbatean Bilbon nahiz Baionan Sarek deitutako mobilizazioetan parte hartuz. Bere esanetan, "salbuespenezko legedia alboratu behar da. Espetxeak husten joateko ibilbide orri bat denon artean eraiki behar dugula deritzogu".
Argi galdetu du, "Patxi eta Olatzek espetxealdiaren hiru laurdenak ondo baino hobeto beteak dituzte. Beraz nola ez da posible izango Xua bere gurasoekin etxera ekartzea? Borondate kontua dela deritzogu, besterik ez".
EAJ: "Guztiz errugabea den hiru urteko Xuak bere gurasoekin egoteko aukera izan behar du"
"Patxi Uranga eta Olatz Lasagabasterren kasuan ondo ikusiko genuke legedia arruntaren aplikazioa", adierazi du EAJ-ko batzarkide Ianko Gamboak. Espetxe zigorraren helburuak, "min egiten duen subjektua gizartetik atera eta gerora gizartean berriz integraturik bizitzeko prestatzea" dira. Bere esanetan, "ez luke mendekuagatik zigortu behar, hori zigor zuzenbide modernoaren aurkakoa litzateke". Horregatik begi onez ikusten du, espetxe zigorraren hiru laurdenak beteta, baldintzapeko askatasuna aplikatzeko aukera ematea Olatzi eta Patxiri.
Gaineratu duenez, "ez dut inoiz sinetsi salbuespenezko legedian, mendekuaren usain mingotsa antzeman izan diot beti". Horrekin batera, kontuan hartzekoa deritzo, "adin txikikoaren interes gorena defendatzearen printzipioa, Xuaren interesak defendatzea alegia". Horregatik uste du EAJk, "justiziaz eta gizatasunez jokatu behar dela. Guztiz errugabea den hiru urteko Xuak bere gurasoekin egoteko aukera izan behar du, ahalik eta bizitza normalizatuena izateko aukera merezi du".
Baldintzapeko askatasuna aplikatzea zentzuzkotzat jotzen du, "familia honi, bizitza berri bat hasi dezaten, Patxi eta Olatzentzat birgizarteratze helburua bete dadin". Etorkizunari begirako mezu honekin borobildu du bere hitzaldia. "Herri honek 40 urte luzez iraun duen bortizkeriari behin betiko bukaera ona eman nahi badio eta sufrimendu guztien erreparazioa bidea dela sinesten badugu, ez ditzagun ekidin daitezkeen sufrimendu berriak sortzen utzi".
PP: "Zergatik izan behar ditu ETAkide batek definiturikoak baino espetxe onura gehiago?"
Ebazpen proposamen honen aurka agertu den bakarra PP-ko batzarkide bakar Juan Carlos Cano izan da. Hitz gogorrak izan ditu Xua eta gurasoentzat. "Olatzen eta Patxiren etika eta moraltasuna gizartearekiko eskatzen duten gizatasun, elkarbizitza eta justiziaz kanpokoa izan da beti". Bere esanetan, biek erabaki zuten "izango zuen haurraren etorkizuna baldintzatzea".
Ezinbestekotzat jo du "aktibitate terrorista" eta "biktimei barkamena eskatzea", justiziarekin kolaboratzearekin batera. Onartu du, "bakarrik nago, guztiz bakarrik foro honetan" agertu duen posizionamenduan. Planteatzen dena espetxe onurak direla nabarmendu du. Hainbat galdera ere planteatu ditu, hitz gogorrekin. "Zergatik izan behar ditu ETAkide batek definiturikoak baino espetxe onura gehiago? Zergatik izan behar du gizarteak eskuzabalagoa, beraiek beraien indarkeria printzipioei uko egin nahi ez badiete? Inork pentsatu du nola heziko den alaba hau bi gurasoek bere indarkeria aktibitatea mantenduta, barkamenik eskatu nahi ez dutenean? Adingabekoarekin ze interes goren defendatu nahi dugu? Hori da alaba honentzat defendatuko dugun interes gorena, printzipio beretan heztea?".
PP-ri erantzunez
Cano aipatu moduan bakarrik geratu da PP-k defendaturiko posizionamenduan. Canoren hitzak gogor kritikatu dituzte gainerako eragile politikoek. Laburbilduz, Elkarrekin Gipuzkoako ordezkari Maria Valientek argi esan dio, "ez dut uste esaten ari zarena sinesten duzunik". PP-k familia lehenesten duen modua zioen, "Xua ez da hobeto egongo edo ez du maitasun gehiago jasoko bere gurasoengandik ez bada". Haurraren eskubideak lehenetsi behar direla erantzun dio, "bere gurasoek Xuarekin bizitzeko eskubidea dute".
PSEtik Xuarenganako errespetu osoa eskatu du Arritxu Marañonek. "Faltsuak diren baieztapenik ez egin" eskatu dio PP-ko ordezkariari. EHBildutik Aittor Arantzabalek "ez dut probokazioetan sartzerik nahi" erantzun du. "Ebazpen honekin ez da azpimarratu behar, mendekuan oinarrituriko diskurtso zaharkituari heltzea". Alderantziz, Batzar Nagusietako adostasuna azpimarratu nahi izan du, "batzarkide ia guztiek bat egitea bizikidetzarako urrats garrantzitsu honekin".
EAJ-ko ordezkari Ianko Gamboak adierazi dio, PP-k "ez duela garai berrietara egokitu nahi" egungo errealitatea ukatzen duela Canok eta badela unea onartu eta aurrerapausoak emateko garaia. Gainerakoentzat arrazoizkoa den mozioa babestu gabe oker dabilela eta "horregatik zaude bakarrik kamera honetan" esan dio Canori.
Canok bereari eutsi dio. Hiltzea gaizki ez dagoela onartu gabe eta biktimei barkamena eskatu gabe, horretan oinarrituko bada Euskadiko eta Espainiako elkarbizitza eta etorkizuna "gaizki goaz" zioen.