Udal diru-laguntzetara eskabideak aurkezteko epea zabalik

Usurbilgo Udalak eremu anitzetako diru-laguntza deialdien oinarriak kaleratu zituen asteartean. Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago jada. Lerrootan, herritarrek nahiz eragileek eskueran dituzte laguntza guztion berri zehatzago.

BEHAR EKONOMIKO BEREZIAK DITUZTEN EUSKARA IKASLEEK DIRU-LAGUNTZAK ESKATZEKO DEIALDIA
Deialdi honen bidez, "behar ekonomiko berezia duten herritarrei euskaltegiko matrikula kostua aurreratuko zaie". Laguntza honen onuradunak izan daitezke, "Usurbilen erroldatuta egonik, behar ekonomiko berezia duten euskara ikasleak. Ikastaro hauek 2019ko uztailetik 2020ko ekainaren 30 bitartean egindakoak izango dira. Dirulaguntza hauetarako eskaerak Euskaltegiko matrikula egiten denean aurkeztu beharko dira. Dirulaguntzen zuriketa, berriz, 2020ko uztailaren 6tik 10era bitartean egingo da".  

Usurbilgo Udalak argitu duenez, "dirulaguntza kopuruak izendatzeko kontuan izango diren irizpideak Euskara ikasleentzako dirulaguntza oinarri orokorretan jasotzen direnak berak izango dira". Onuradunek aldiz, dirulaguntza jasotzeko ondoko baldintzok bete beharko dituzte:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, %80ko asistentzia izatea. (Autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).
-Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea: (Euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa).

Informazio gehiago: urtarrilaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

URTARRILAREN 7AN ARGITARATURIKO DIRU-LAGUNTZA DEIALDIEN OINARRIAK
NORGEHIAGOKA ERREGIMENEKO DIRULAGUNTZA PROGRAMEN 2020ko DEIALDI IREKIA

Epea: urtarrilaren 8tik zenbatzen hasita 20 egun baliodun. 

GIZARTE ONGIZATEA
Gizarte zerbitzuen arloko ekimenak garatu asmo dituzten eragileei zuzendua dago deialdi hau. Deialditik kanpo geratuko dira merkatal enpresak. Puntukako sistemaren bidez baloratuko dira eskaerak. Kontuan hartuko dira besteak beste, ekimenen hartzaileak zeintzuk diren, egitasmoen ezaugarriak, gizarte eragina, genero ikuspegia txertatzea, berdintasuna helburu duten ekintzak txertatzea... 

INGURUMENA
Ondoko lehentasunezko ekintzak finkatu ditu Udalak diruz laguntzeko: energiaren kontsumoa murrizteko egindako inbertsioak, Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren helburuekin bat datozen ekintzak, energia ez berriztagarriaren kontsumoa energia berriztagarriaren kontsumoarekin ordezkatzeko ekintzak, energia nuklearra ez kontsumitzeko lagunduko duten ekintzak, hondakinen sorrera murrizteko eta sortzen diren hondakinen birziklapena bultzatzeko ekintzak.

Egitasmook laguntzeko esleipena egin ostean dirua geratuko balitz, ekintzok izango dute diruz lagunduak izateko lehentasuna: Usurbilgo ondare naturala ezagutzeko eta babesteko ekintzak, baliabideen kontsumoa murrizteko ekintzak, Usurbilgo airearen kalitatea hobetzeko ekintzak. 

Diru-laguntzaren %100a, jakinarazi bezain laster jasoko da.

KIROLA
Kirol taldeen ohiko dirulaguntza zuzenak

%22a denboraldiko lizentzia kopuruetara bideratuko da, %22a denboraldiko kirol lizentziak sortutako gastuetara, %22a denboraldiko arbitraje gastuetara, %7a emakume, urritasundun edo 3. adineko kirol federatuen kopuruetara, %3na eskola kirolera, kalitatezko entrenatzaileen sustapenera, euskal kiroletara eta autofinantziaziora; %8a bidaia gastuetara, %4a beste gastuetara eta %3a jardueren kalitatera.  

Emakumeen eta gizonen berdintasun jarduera planetako diru laguntza zuzenak
Kontuan hartuko da emakumeen kolektiboei zuzenduak egotea. Berdintasunaren aldeko taldeen konpromiso maila ere aintzakotzat hartuko da: sexu rolak eta estereotipoak hausten laguntzen duten ekimenak, emakumeen ahalduntze eta autonomia sustatzen duten ekimenak, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko sentsibilizazio edo prebentzio ekimenak izatea. 5.000 euroko muga. 

Kirol egokitutako jardueren dirulaguntza zuzenak
3.000 euroko mugarekin. "Espresuki kirol egokituko kolektiboei zuzendutakoak eta inklusioari lotutakoak hartuko dira kontuan. Ekimen hauek herritarren parte hartzea eta eskola umeen inplikazioa bilatzen direnean, bereziki lagunduko dira".

Kirol elkarteenak ez diren kirol jardueretako ohiko dirulaguntza zuzenak
1.000 euroko muga. "Udalari eskatutako dirulaguntzaren %60a lagunduko da diruz. Ikastaroko parte-hartzaile bakoitzeko udalak emango duen gehienezko diru-kopurua 100 eurokoa izango da. Ikastaroek, derrigorrez, parte-hartzaileen diru-sarrera izan behar dute. Ez dira onartuko diru-sarrerarik ez duten ikastaroak".  

Kiroletako laguntzen %50a, laguntza emango dela jakinarazitakoan eta gainerakoa aurrekontuaren gastua justifikatutakoan jasoko da.     

KULTURA
80.000 euroko partida. Deialdi honen bidez helburu hauek bete nahi dira: "Kultura Sare eraldatzailea, dinamikoa eta parte-hartzailea sustatzea, kultur eskaintza erakargarria, anitza, hurbila eta eskuragarria sortuz, herritarrek ongi pasatzera bideratua dagoena eta era berean, bertako kultura balioan jarri eta gizarte integratzailea eraikitzen lagunduko duena".

Egitasmook hartuko dira kontuan: eskatutakoaren %60arekin lagunduko dira diruz gehienez, ikastaro, irteera, kanpamendu, udako ekintza eta txokoak; gehienez jota %95a gainerako kultur ekintzen kasuan.  %75a diru-laguntza emango dela jakindakoan jasoko da, %25a eskaeraren aurrekontuko gastua justifikatutakoan.

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA
"Gehienez ere kostu osoaren % 50 a izango da, eta eskatzaile bakoitzari gehienez 2.000 € emango zaizkio". Lehentasunez ekintzok lagunduko dira: 28 urtetik beherako nekazari gazteen ustiapen berriak, hildako animalien kudeaketa lanak, ekoizpen ekologikoa, emakume nekazariak, abandonaturiko nekazal lurren berreskuratzea, baserritarren lan-baldintzen hobekuntza, bertako produktuen kontsumoa, bertako abere arrazen sustapena, nekazarien prestakuntza...  D
iru-laguntza eman dela jakinarazi bezain laster, %100a  jasoko da.       

DESERROTZE ETA BAZTERTZE SOZIALEKO ARRISKUAN DAUDEN PERTSONEN SENIDEEI ERANTZUTEKO DIRULAGUNTZAK
Epea: urtarrilaren 8tik zenbatzen hasita 20 egun baliodun. 
"2019ko joan-etorrien gastuetan, batetik, Usurbildik kanpo dauden pertsonen senideei eta, bestetik, erabaki judizial bat betetzearen ondorioz (sartzea zentro psikiatriko batean, kartzelan, drogamenpekotasun zentro batean) aldi batez haien ingurune familiarrera etorri ezin diren pertsonen senideei" zuzendua.

Diru-laguntza eman dela jakinazi bezain laster, %100a  jasoko da.       

Laguntza hauen onuradunak izan daitezke "Usurbilen bizi diren pertsonen senideak, baldin eta horiek sartu badituzte aldi batez zentro psikiatriko batean, kartzela batean edo drogamenpekotasun tratamendurako zentro batean, ebazpen judizial batengatik, lehentasun ordena honekin: ezkontidea edo izatezko bikotea; seme-alabak; aita-amak; neba-arrebak; beste senitarteko batzuk.

IGOGAILUEN INSTALAKUNTZA
Epea: urtarrilaren 8tik zenbatzen hasita 20 egun baliodun. 
Onuradunak, "Usurbilen bi solairu edo gehiago izan eta nagusiki etxebizitzarako erabiltzen diren eraikinetan igogailua jartzen duten titularrak dira. Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso igogailua aldatzen dutenak, ezta, oro har, promotoreek beraiek edo kontratistek eraikuntza berriko eraikinetan igogailua jartzeko jarduerak".

Eskaera bakoitzeko gehienez 1.000 euroko laguntza emango da. Diru-laguntza eman dela jakinazi bezain laster, %100a  jasoko da. Baldintza hauek bete beharko dira: etxebizitzaren jabea izatea, igogailua jarri nahi den etxean gutxienez 6 hilabeteko aintzinatasunarekin erroldatua egon eta bertan bizitzea, udalerri berean igogailudun bigarren etxebizitzaren jabea ez izatea, igogailua jartzeko obra amaitua egon eta Udalak lehen erabilera baimen ziurtagiria emana izatea iaz. 


NORGEHIAGOKA ERREGIMENEKOAK EZ DIREN KIROL ARLOKO DIRU-LAGUNTZAK
Epea: urtarrilaren 8tik urriaren 30era.
Deialdi honek hiru programa jasotzen ditu: laguntza bereziak (5.400 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro) eta kirolarien oinarrizko osasun miaketak (9.000 euro). Laguntza berezien kasuan, laguntza emango dela jakinarazi bezain laster %50a jasoko da eta gainerakoa justifikazioen ostean. Beste bi programen kasuan, %100a diru-laguntza emango dela jakin bezain laster.

HUTSIK DAGOEN MERKATARITZA LOKAL BATEAN JARDUERA EKONOMIKO BERRI BAT ABIAN IPINI NAHI DUEN EKINTZAILEARENTZAKO LOKALAREN ALOKAIRURAKO DIRULAGUNTZA
Epea: urtarrilaren 8tik irailaren 30era. 
"Lehentasuna izango dute herri gunean nahiz auzoetan gaur egun herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek eta ixtera doazen edo itxi berriak diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek".

Bi ebazpenetan jakinaraziko dira laguntzen ebazpenak; lehenengoan, apirilaren 30era arte aurkezturiko eskaerena, bigarrena irailaren 30era arte aurkezturikoak. Gehienez lehen bi urteko alokairu gastuak lagunduko dira diruz: lehenengoan alokairu gastuaren %40a (gehienez hileko 300 euro), bigarrenean %30a (gehienez 200 euro hilean). 

HASIZ HAZI BEKA EKINTZAILEENTZAT KABIENE ELKARTEAK DUEN ELKARLAN-GUNEAREN ERABILERARAKO BEKA
Epea: urtarrilaren 8tik irailaren 30era. 

"Ebazpen honen xedea da Usurbilgo Udalaren diru-laguntzen oinarri erregulatzaileak ezartzea, norgehiagoka erregimenean, 2020 urtean, enpresa proiektu berri bat duen ekintzaileari, urtebeteko erabilera diruz ordaintzeko Kabiene elkarteak duen elkarlan-gunean beti ere berdintasun, ingurumen eta euskara arloko legeria kontuan izanik".

Deialdi honen onuradunak izango dira, Beterri-Buruntzako udalerriren batean erroldaturiko adinez nagusiko herritarrak, "Usurbilgo udalerrian enpresa bat sortzeko ekimena dutenak".

Bi ebazpenetan jakinaraziko dira laguntzen ebazpenak; lehenengoan, apirilaren 30era arte aurkezturiko eskaerena, bigarrenean irailaren 30era arte aurkezturikoak. "Bekaren gehieneko zenbatekoa 1.089,00 €koa izango da, beti ere ekintzaileak 12 hilabetetako erabilera izaten badu Kabienen. Diru-laguntzaren zenbatekoa, 12 hilabetetako alokairu gastua (75 €/hileko), eta honi dagokion % 21eko BEZ-a (15,75 €/hileko) izango da".

Diru-laguntza eman dela jakinarazi bezain laster, diru-laguntzaren % 80a ordainduko da, eta honetarako ez zaie inongo bermerik eskatuko onuradunei. Gainerako % 20a memoria eta fakturak aurkeztean.        


3 hilabeteko gehienezko prozesua
-2019/12/19: Tokiko Gobernu Batzarrak udal diru-laguntzen deialdiok onartu zituen.
-2020/1/7: diru-laguntza deialdien oinarriak kaleratu ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.
-2020/1/8: diru-laguntza deialdietara eskabideak aurkezteko epearen irekiera.
-2020/2: diru-laguntza deialdietara eskabideak aurkezteko epearen itxiera.
-Arloko teknikarien eskariak aztertuko dituzte eremu bakoitzeko udal teknikariek eta udal batzordeetara helaraziko dituzte.
-Diru-laguntza Batzorde Orokorrak ebazpen proposamena egingo du.
-Behin behineko ebazpen proposamena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, usurbil.eus atarian eta udal iragarkien taulan argitaratuko da. 
-10 eguneko alegazio epea.
-Tokiko Gobernu Batzarraren behin betiko erabakia eta behin betiko ebazpenaren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, usurbil.eus atarian eta udal iragarkien taulan.