"Orain presoak. Atera bidera" Bilboko larunbateko manifestaziora joateko autobus zerbitzua Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 10a, 21:23

Sarek euskal presoen eskubideen alde larunbaterako, urtarrilaren 11rako Bilbon (17:00etan La Casillatik) deitu duen mobilizazio nazionalera joateko autobus zerbitzua antolatu da Usurbildik. Izen ematea aurrez bideratu beharko da ohiko tokietan.

Hemen dugu urteko mobilizazio jendetsuena; euskal presoen eskubideen alde urtarrilaren 11rako Sarek Bilbon (eta 15:00etan Baionan) deitutako hitzordua. Bizkaiko hiriburukoa larunbat arratsaldeko 17:00etan abiatuko da La Casillatik. "Urteetako minari amaiera emateko ordua da. Ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe, aurrera egiteko ordua da. Elkarbizitzen den jendarte bat osatzeko unea da. Giza Eskubideen errespetuan eta akordioetan oinarrituko den jendarte bat eraikitzeko ordua da", adierazi du Sarek manifestazio aurretik egin duen azken agerraldian.

Azken egunotan, Madrilen Espainiako Gobernu berria osatu duten honetan, aukera ezin hobe baten aurrean gaudela nabarmendu du Sarek; euskal politikagintzan espetxe politikaren inguruan akordio sendoak lortu ostean, "aldaketa nahi hau Gobernu berriari" helarazteko, are gehiago, ETAk urte eta erdi baino gehiagotik desegina egonda. "Larunbatean Bilboko zein Baionako kaleetan entzungo den aldarria beren egitea eskatzen diegu", Madrilgo Gorteetan diren euskal diputatuei.

Espainiako Gobernu berria osatu duten alderdiei ere bai. "Gobernu berri hau osatu duten bi alderdi nagusiek, hemen, Euskal Herrian duten ordezkaritzaren bitartez, espetxe politika hau aldatzeko borondatea behin eta berriro erakutsi dute azken urtean onartu diren adierazpen anitzetan. Honi, Gobernu honen aldeko bozka eman edota abstentzioaren bitartez ahalbidetu duten alderdien izaera gehituz gero, alderdi katalan eta euskaldunak kasu, elkarbizitzaren eta bakearen alde zein espetxe politika aldatzearen aldeko indarren batuketaren aurrean gaude. Horregatik, gaur, are enfasi gehiagorekin, galdera bera errepikatzen dugu; orain da unea, izan ere, orain ez bada, noiz?".

Urtarrilak 11, larunbata
11:15 "Eskubideak eta Askatasunak" mahai-ingurua Bilboko Alde Zaharreko "La Bolsa" eraikinean. Partaideak: 
-Antoni Bassas kazetari katalana.
-Pili Kaltzada, kazetari euskalduna.
-Javier Sádaba filosofoa.

15:30
"Emakumea, espetxea, gatazkak, elkarbizitza eta bakea" ekitaldia Silken Hotelean. Politikagintzan, sindikalgintzan, giza eskubideen eta bakearen alorreko zein eragile sozial eta feministetan lanean dabiltzan emakumeen parte hartzea.

17:00 "Orain presoak. Atera bidera" manifestazioa La Casillatik. 
Amaierako ekitaldia udaletxean. Asun Lasa eta Rosa Rodero, GAL eta ETAko biktimek irakurriko dute manifestua.

Informazio gehiago: sare.eus
Antolatzailea: Sare.