Urteko lehen ilargi-eklipsea gaur iluntzean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 10a, 07:04
Ilargi-eklipse partziala izan genuen joan den uztailaren 16an.

Ostiral lainotsu honek uzten badigu behintzat, 18:07-22:12 artean ikusi ahalko omen dugu ilargi-eklipsea Euskal Herrian. Baina 20:10 aldera gauzatuko da eklipsea osorik; Lurrak ilargia guztiz estaliko omen du. 2020an izango diren sei eklipseetan lehena izango da gaurkoa.

Afrika ekialdean, Asian, Oceanian eta ia Europa osoan ikusi ahalko da 2020ko lehen ilargi-eklipe hau. Lau orduko iraupena izango du; 18:07-22:12 artean ikusi ahalko dugu. Eklipsea 20:10ak aldera erabatekoa izango da. Urteko lehen ilargi betearekin batera egokituko da. Eklipse mota hau, Hurra eguzkiaren eta ilargiaren artean kokatzen denean gertatzen da. Eguzkiari itzala egiten dio Lurrak eta ilargia itzalpean geratzen da. Lurreko gune batzuetatik ilargi betearen itxura duen arren, beste leku batzuetatik ellipsen zehar ilargia guztiz desagertzen da edota beste kasu batzuetan kolore gorria hartzen du. 

Aipatu moduan, 2020ko lehen ilargi-eklipsea izango dugu gaurkoa, baina ez azkena. Ekainaren 5ean, uztailaren 4an eta azaroaren 30ean izango dira hurrengoak. Horrekin batera, ekainaren 21ean eraztun erako eguzki-eklipsea izango da eta eguzki-eklipse osoa abenduaren 14an.

Astebururako iragarpena
Aipatu moduan, ostiral lainotsu honek ilargi-eklipsea gozarazten utziko digun ikusteke dago. Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez, ostiral honetan (urtarrilak 10), Usurbilen "giro goibela eta euritsua izango dugu. Egunaren amaieran atertzera egingo du. Goizean ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, arratsaldean iparraldera aldatuko da eta indarra galdu egingo du. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira. Eguneko tenperatura minimoak azken orduetan neurtuko dira".

Asteburuan nabarmen egingo du hobera eguraldiak. Larunbatean (hilak 11), "Goizean zerua tarteka hodeitsu egongo da, behe-hodeiekin. Arratsaldean, eguzkia jaun eta jabe. Ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak gutxi igoko dira".

Oro har, "igandean giro eguzkitsuak jarraipena izango du. Egunsentian lainoguneak sortuko dira hainbat tokitan, eta barnealdeko zenbait lekutan izotza ere egingo du, izotz handia han-hemenka. Tenperatura maximoak 10-13 ºC-tik ez dira pasatuko. Haizea aldakor eta ahula ibiliko da. Arratsaldean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak iritsiko dira, baina zerua lausotu besterik ez dute egingo".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus