Joxan Artze gogoan, bere heriotzaren bigarren urtemugan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 11a, 09:11

Sortzaile usurbildarra zendu zenetik bi urte beteko dira igandean (hilak 12). Bigarren urtemuga honetan ere Artze oroitu eta omentzeko aukera izango da Sutegi udal liburutegian antolatu duten erakusketatxoari eta erregistro liburuari esker.

Sortzaile usurbildarra zendu zela bi urte beteko diren egunotarako Joxan Artze omentzeko bi ekimen iragarri ditu Usurbilgo Udalak; batetik, hilaren 17ra arte hitz batzuk idatziz eskaintzeko aukera izango da Sutegi udal liburutegian izango duzuen liburuan. “Idatzi txiki bat, poema bat, Joxan gogoan bihotzetik ateratzen zaigun hori idatzi ahal izango dugu bertan”. Horrekin batera, epe berean, Artzeren liburuak ikusgai izango ditu udal liburutegiak.

Euskarazko irakurketa-solasaldia Kattalin Minerrekin
Udal liburutegiak urtarrilaren 22rako antolatu duen irakurketa-solasaldian aztertuko den liburuaren aleak eskura ditzakezue aurrez Sutegin bertan. Urtarrilaren 22an 19:00etan Sutegi udal liburutegian, liburutegiak berak eta Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolatutako irakurketa-solasaldia ospatuko da. Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” ipuin-bilduma aztertuko da ikuspegi feministatik, Kattalin Miner kazetari eta idazleak bideratuko duen saioan. Liburuak eskuragarri dituzue Sutegin.