2. Euskaraldia prestatzeko urteko lehen bilera 17:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 14a, 07:59

Abiatu berri duguna besteak beste, bigarren Euskaraldi urtea izango dugu. Oraingoan, Ahobizi eta Belarriprestekin batera, entitateen parte hartzea sustatu nahi da "ariguneen" bidez. Denetariko entitateek urte amaieran izango dugun 2. Euskaraldirako izen ematea zabalik dute. Euskaraldiko bigarren edizioa prestatzeko 2020ko lehen bilera irekia deitu dute astearte honetan, urtarrilaren 14an 17:30etan Potxoenean.

Iazko estreinako edizioan bezala, Ahobizi eta Belarriprestak itzuliko dira 2020ko Euskaraldiarekin. Baina bi berrikuntza nagusi ere izango ditu, euskara ahotan hartzeko urtebete barruko ahaleginak; iraupen luzeagoa, 15 egunekoa izango baita, eta "euskararen biziberritzearentzat oso garrantzitsuak diren eremuetan (besteak beste, aisialdian, alor sozio-ekonomikoan eta administrazioan) euskararen erabilera bultzatzeko neurri praktikoak bultzatzea" izango du xede nagusia.

Horretarako, denetariko entitateen parte hartzea erakarri nahi da. "Eremu horietan lehendik dauden planak eta ekimenak osatzera dator Euskaraldiaren proposamena, enpresetan eta erakundeetan egiten diren euskara planen osagarri eta lagungarri izan daitezen".

Dagoeneko entitate ezagun sorta batek urratsa eman eta ariguneak sortzeko bidea zabaldu du. "Ariguneak antolatzeko baldintzak dituzten aztertzeko, gune horiek identifikatzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartu dute. Hurrengo hilabeteetan entitate horietan ariguneak sortu, bultzatu, identifikatu eta babesteko prozesua martxan jarriko da, Euskaraldian zehar arigune modura aritzeko prest egon daitezen".

Ariguneen ezaugarriak
-Denetariko entitateek parte hartu ahalko dute: erakundeek, herri eragileek, elkarteek, denetariko kirol edota kultur taldeek...
-Ariguneak=entitateen baitan dauden euskaraz aritzeko gune babestuak dira. Arigunea osatzen duten kide guztiek euskara ulertzeaz gain, euskaraz hitz egin nahi dutenekiko aldekotasuna adierazten dute.
-Bi arigune mota sortuko dira: barne-ariguneak (entitateen barne funtzionamenduan euskararen erabilera babesteko sortutakoak) eta kanpo-ariguneak (herritarrekiko harrerarako edo kanpo harremanetarako sortuko direnak).
-Entitateen ardura: ariguneak sustatu eta babesteko neurri praktikoak hartzea.
-Ariguneentzako izen ematea: zabalik jada 2020ko uztailera arte. Izena emateko, entitate bakoitzak "ariguneak non dituen identifikatu beharko du eta kideekin adostasuna hitzartu". 

2020ko Euskaraldia
Noiz: azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
Iraupena: 15 egun.
Parte hartzeko moduak:
-Norbanakoek: Ahobizi (lehen hitza euskaraz) edo Belarriprest (Ahobizien hizketari jarraipena ematea) gisa.
-Entitateek: Ariguneen bidez.
Izen ematea:
-Usurbilek herri bezala urrian eman zuen izena.
-Entitateentzat izen ematea zabalik dago.
-Herritarrentzat 2020ko irailean.
Antolaketa egitura berria lanean da:
-Herritarren batzorde ireki bat.
-Lau lan talde ireki:
1-Entitateekin lan egingo duen taldea: entitateei Euskaraldia aurkeztu, parte hartzera gonbidatu eta ekimena aurrera eramateko laguntza eskaini edota herriko entitateen mapa osatuko dute.
2-Ekintzen lan taldea: Euskaraldia herriratzeko ekimenak antolatuko ditu; tartean, datorren Euskararen Egunekoak.
3-Komunikazio lan taldea: webgunearen eta sare sozialen kudeaketa, albisteak sortzea, antolatutako ekintzen berri emango du…
4-Koordinazio lan taldea: kontu ekonomikoak eta barne harremanak kudeatuko ditu (Gipuzkoako foroetan parte hartu…).
-Antolaketa lanetan parte hartzea: lantalderen batean parte hartu edo une puntualetan laguntzeko aukera.
Informazio gehiago eta antolaketan parte hartzeko izen ematea:
usurbil.euskaraldia.eus
usurbil@euskaraldia.eus
688 807 336