Odol emateek behera egin arren, emaile kopurua mantendu da 2019an

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 13a, 08:48
Iaz eskualde mailan omendu zituzten odol emaile usurbildarrak.

Odol emate kopuruak behera egin du 2019an. 2018 eta 2019ko odol-emaile kopurua bere horretan mantendu da 143 emailerekin. Bildu den odol kopurua, ordea, txikiagoa izan da, 251 emanaldi zenbatu diren 2018an eta 227 emanaldi 2019an; 24 emanaldi gutxiago.

“Batzuek behin baino ez dute eman odola, beste batzuek bitan eta beste hainbatek hirutan”, esan du Mari Jose Kortak, Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak.

Inauterietan “nabarmen” egin zuen behera odol emateak Kortaren esanetan: “Data horiek ez dira onenak izaten odol-emaileentzat, ez eta udaren osteko lehen odol emate hori ere”. Odola eman ahal izateko baldintza batzuk bete behar izaten dira, eta oporraldian atzerrian izandakoak arriskuan egon izana oso posible izaten da.

Adinari dagokionez, 18 eta 70 urte bitarteko jendeak eman dezake odola, osasun egoera egokian badaude. “Urte askotan odola eman dutenei jada ez diete gehiago odola ematen uzten adina dela eta”, ziurtatu du Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak. Odol ematearen egunean eta hurrengoan kirolik ez egitea aholkatzen dute gorputza gehiegi ez behartzeko. Gainontzean bizimodu normala egiteko ez du inolako arazorik sortzen. Hori bai, odola eman aurretik ongi gosalduta joan behar da zorabioak ekiditeko. Sei emaile berri izan dira 2019an, adinez gazteak. Kezka agertu dute Odol Emaileen Elkartean jende gaztea odola ematera animatzeko, bai eta antolatzeko lanetan aritzeko. Elkarteko kideak helduak dira eta aire freskoaren beharra ere nabarmendu dute gazteak animatzeko lanetan aritzeko.

2020ko odol-emate deialdiak
Bi hilabetetik behin izaten da aukera Usurbilgo anbulategian odola emateko, beti ere astelehenetan. Orokorrean hilaren lehen astelehenean izan ohi da eguna, baina jai egun garrantzitsuak tokatzean, bigarren astera pasatzen dute deialdia. Aurtengoan odola emateko lehen aukera urtarrilaren 13an izango da. Datozenak martxoaren 2an, maiatzaren 4an, uztailaren 6an printzipioz Usurbilgo jaiak atzeratzen ez badira, irailaren 7an eta azaroaren 2an.

Iazkoan omenduak
Urtero omenaldia egiten diete odol emate kopuru handiak egin dituzten herritarrei. 2019an bost herritarrek gainditu zuten 25 odol emateren langa, 40 aldiz eman zuten hiru emakumek, 50 eta 75 aldiz gizon banak eta 100 aldiz bi gizonek. Urtero izaten dira omendu berriak eta urte honetan ere hala izango direla espero dute Odol Emaileen Elkartean.