“Goi mailako ikasketak egiten ari nintzela eman nuen odola lehen aldiz"

Duela zenbait urtetik odol emailea da Joseba Undiano txikierditarra. Omendua izan zen azaroan beste hainbat herritarrekin batera 25 aldiz baino gehiago odola emateagatik. NOAUA!rekin partekatu nahi izan ditu bere esperientziak.

NOAUA! Noiz hasi zinen odola ematen?
Joseba Undiano: Lehenengo aldiz goi mailako ikasketak egiten ari nintzela eman nuen odola 19 bat urte nituela. Eskolara joan ziren erizainak eta animatu egin nintzen klaseko lagun batekin batera. Hark lehenago ere odola emana zeukan eta nik ere animatzea erabaki nuen. Onartu beharra daukat behin prozesua amaituta, otartekoa jaten hasi nintzela eta zorabiatu egin nintzela [kar kar kar]. Behin esperientzia hori bizita kostatu egin zitzaidan bigarren aldiz ematea; denbora dezente igaro zen. Amarekin animatu nintzen odola ematera hurrengoan, eta hortik aurrera jada ohitura hartu nuen eta oraindik ere horretan dihardut.

25 aldiz eman duzu jada. Herrian badira ordea 100 aldiz ere eman dutenak. Iritsiko zara zenbaki horietara?
27 bidez eman dut odola jada eskolakoa eta Usurbilgo anbulategian eman ditudan guztiak kontuan izanda. 100era iritsiko naizen ez dakit, baina odola ematen jarraitzeko asmoa dut behintzat. Saiatuko naiz iristen, baina ikusiko dugu.

Nolakoa da odol emate prozesua?
Behin anbulategira iritsita mediku pare batekin hitz egin behar da. Lehenak galderak egiten ditu osasun egoeraren diagnostiko bat egiteko eta odola emateko prest zauden ikusteko: ea atzerrian izan zaren, dentistarenean izan zaren azken hilabeteetan... Arriskuan egon zaren edo ez jakin nahi dute galdera horiekin.

Ondoren proba txiki bat egiten dute anemiarik baduzun jakiteko, hala bada ezin baita odolik eman. Ziztada txiki bat baino ez da izaten, hatz erakuslean. Behin odola emateko prest zaudela ziurtatzen dutenean gela batera joan behar duzu eta bertan ohatila batean etzaten zaituzte eta zuk nahi duzun besoa aukeratzen duzu ziztatzeko. Orduan odol ematea hasten da. Nik nahiko azkar ematen dut, hamar minutuan amaitzen dut. Beste batzuek denbora gehiago behar izaten dute, 10-15 minutu edo, hori pertsona bakoitzaren arabera izaten da. Nik ez daukat inolako arazorik ez odolarekin ez orratzekin. Behin odol ematea amaituta pintxo bat eta jateko zerbait ematen dizute indarberritzeko.

“Gustura joaten naiz odola ematera”

NOAUA! Zergatik da garrantzitsua odola ematea?
Joseba Undiano: Ohituraz ematen dut odola nik. Inoiz ospitalean egonda beharko banu odol hori, eskuragarri egotea gustatuko litzaidake eta gainontzekoek ere aukera hori izatea garrantzitsua iruditzen zait. Odola ez da fabrikatzen, eta beraz, norbaitek eman behar du eskuragarri egon dadin. Ez dit odol emateak inolako arazorik sortzen eta gustura joaten naiz, ez da denbora asko eta oso beharrezkoa den zerbait da. Ez da ezer kostatzen hiru bat hilabetetik behin anbulategira joan eta odola ematea.

Esperientzia kuriosorik?
Arestian aipatu dudan zorabioarena da agian esperientziarik kuriosoena. 12:00ak aldera eman nuen odola eta 7:00etan gosaldu nuenetik ezer jan gabe nengoen. Beraz, normala da zorabiatzea. Ogitartekoa jaten ari ginela lagunak esan zidan: zorabiatzen ari zara, ezta? Eta halaxe zen. Erizainak etorri zitzaizkidan eta hankaz gora jarri ninduten ohatilan, eta abanikatu egin ninduten. Ordutik ongi janda joaten naiz beti, ongi ikasita daukat. Lehen aldi horietan odola ematerako daukagun paperean “zorabio arina” jartzen zuen, hurrengo odol emateetan erizainak jakin zezan lehen aldi hartan zer gertatu zitzaidan. Aldi horietan oso ongi zaintzen ninduten, gehiegi agian: Ura nahi duzu? Zorabiatzen ari zara? Etzatea nahi duzu? Horrelako galderak egiten zizkidaten, baina jada ez du “zorabio arina” jartzen [kar kar kar].

Momenturik okerrena hala ere, nire ustez, hurrengo egunean tirita kentzea da, horrek orratzak baino askoz min gehiago ematen du.