Urtarrilaren 30eko greba prestatzeko bilera irekia 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 14a, 07:41

Astearte honetarako, urtarrilaren 14rako jarri dute hitzordua 18:30etan Potxoenean. Horrekin batera, ate joka dugun hilaren 30eko greba orokorra babesteko bideo laburrak egitera animatu dute deitzaileek.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek urtarrilaren 30erako iragarri duten greba orokorraren harira, Usurbilgo greba batzordea lanean da jada. Abenduaren 20an egin zuten lehen bilkura, bigarrena joan den astean, eta hirugarrena astearte honetan bertan hilaren 14an 18:30etan Potxoenean.

Greba deialdiari atxikimendua adieraztera animatzen dute deitzaileek. Lagun, lankide edo herritarren artean bildu eta greba egiteko deia jasotzen duen bideo labur bat grabatuz. "Eman arrazoi batzuk greba egiteko, bidali elkartasun mezu bat edota egin zerbait originala". Gero bideoa sare sozialen bidez partekatzea eskatzen dute, #GuEreGrebaOrokorra traola txertatuta eta norbere herri, ikastetxe edo lantokia aipatuta.

Lan, bizi eta pentsio duinen aldekoa izango da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eragile anitzekin batera hilaren 30erako deitua duten greba orokorra:

EUSKAL HERRIKO ESKUBIDE SOZIALEN KARTAREN ADIERAZPENA (abenduaren 13an BEC-en eginiko topaketakoa)

Sarrera
Egun bizi dugun eredu ekonomiko eta sozial sostengaezina dela gero eta agerikoagoa da. Gobernuek Europatik datozen politika neoliberalak bere egiten dituzte, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoaren bidez edota kapitalaren zerbitzura dauden politikaskalen bidez, besteak beste. Lan munduanprekarietatea egiturazkoa da eta sakontzen ari da 2010 eta 2012ko negoziazio kolektibo eta lan erreformaren bidez: langabezia, behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak, eros-ahalmenaren galera, soldata arrakala, azpikontratazioa, uberizazioa... Pentsio publikoetan ere etengabe murrizketak egin dira 2011 eta 2013ko pentsio erreformen bidez, pentsio berrien murrizketak, eroste- ahalmenaren galera edota erretiro adinaren atzeratzea ekarriz. Gainera, bizitzaren sostengagarritasuna bera ere arriskuan jartzen ari dira, egitura kolektibo eta publikoak prekarizatuz eta babes sozialerako sistema eraitsiz: osasuna, prestazio sozialak, etxebizitza, zaintza...

Kartaren prozesua
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta Euskal Herrian aldaketa sozialaren alde gauden eragile sindikal eta sozial ezberdinak batzeko helburuarekin sortu zen. Geroztik borraka esparru berriak sortu edo indartu dira, bereziki aipagarriak direlarik mugimendu feministaren eta pentsiodunen mugimenduen garapena, baina baita ere ekonomia sozial eradaltzailearen hedapena, borroka ekologistaren suspertzea, borroka sindikalen indartzea eta zabalpena eremu berrietara... Hala, aldaketa sozialaren alde ekiteko beharra eta aukera mahagainean dauzkagu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak tresna bat izaten jarraitu nahi du, aldaketa sozialaren aldeko eragile eta mugimendu ezberdinen aterki. Testuinguru honetan, tresna eraginkor bat bihurtzeko erronka jarri diogu gure buruari, gure ateak ireki eta gure burua birpentsatzekoa. Gaurko topaketak bide horretan mugarri bat bezala ulertzen ditugu.

Greba Orokorra zergatik eta zertarako: LAN, PENTSIO eta BIZI DUINAK
Horrekin batera, urtarrilaren 30ean Greba Orokorra deitu dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik.Lan munduaren egiturazko prekarietatearen aurrean,pentsioen murrizketaren aurrean eta bizitzaren sostengagarritasuna arriskuan jartzen duten neurrienaurrean, mezu argi bat daukagu: Lan, pentsio eta biziduinak! Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez deitu dugu Greba Orokorra. Bi urtez kalean egon eta gero, jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka horren alde beste kolektibo batzuk batzera deituz.

Borroka eta aldarrikapen horiek gure egiten ditugu, eta, gainera, Greba Orokorraren bidez bestelako aldarrikapenak ere ekarri nahi ditugu mahai gainera,Aldarrikapen Taulan jaso dugun bezala. Lan baldintzakduintzeko neurriak eskatzen ditugu: lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan baldintzak bermatzea. Egun ukatuak zaizkigun eskubide sozialak aitortzea eskatzen dugu: etxebizitza eskubide bat izateko neurri eraginkorrak hartzea, menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez... bizitza erdigunean jartzeko zaintza lanak ikusarazi, aitortu, bermatu eta duintzea eskatzen dugu.

Garaia da azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko eta aldaketa sozialaren norabidean aurrera urratsak emateko. Pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak nahi ditugu, eta horregatik borrokan jarraituko dugu planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal eta patriarkal honen aurka. Bide honetan batera ekiteko tenorea dugu, bat eginik: langileak eta mugimendu sindikala, pentsiodunak, mugimendu feminista, gazteak, ikasleak, mugimendu ekologista, eskubide sozialen aldeko eragileak, arrazakeriaren aurkakoak, bestelako eredu bat eraikitzeko alternatibak garatzen ari garenak... denok batera antolatu gaitezen lantokietan eta eskualdez eskualde greba komiteetan, eta mobilizatu gaitezen urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean! Lan, pentsio eta bizi duinak!

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta