Xua Gurasoekin Etxera

"Motxilak gora!" ikuskizuna eta elkarretaratze berezia, Xua gurasoengandik bereizi dezaketen igande honetan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 13a, 11:22

Xuak 3 urte beteko ditu igande honetan (urtarrilak 19). Azken orduko aldaketarik ez bada, jada aske behar zuten arren, gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean dituen guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarengandik bereizi eta urrunduko dute. Bi hitzordu deitu dira hilaren 19rako; "Motxilak gora!" ikuskizuna Donostiako Atanon goizean, eta arratsaldean, elkarretaratze berezia Usurbilen.

Urtarrilaren 19an 11:30etan Donostiako Atano frontoian, Xuak hiru urte beteko dituen egunerako antolatu dute "Motxilak gora! ikuskizuna Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak eta Sarek. "Urtarrilaren 19an Xuari zorionak zuri kantatuko diogu Atanotik", iragarri zuen Porrotxek, Sarek deituta haur motxiladunen alde abenduaren 28an Donostian egin zen manifestazioaren amaieran.

"Gora motxilak!" izeneko hitzorduaren gaineko zenbait xehetasun iragarri zituen Porrotxek. "Pailazo eta musikariak soilik ez, protagonistak herrialde guztietako eta adin guztietako haur motxiladunak izango dira". Ekitaldirako sarrerak sare.eus atarian jarri dituzte salgai. "Hartu azkar, agortuko dira eta denak!", gogorarazi zuen Porrotxek.

Elkarretaratze berezia Usurbilen
Igande goizeko Donostiako ikuskizunaren ondotik, iluntzeko 19:00etan elkarretaratze berezia deitu du Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak Usurbilen. Eguzkitzako (Aliprox ondoko) errotondan hain zuzen. Bertan, herri ekimenak azken hilabeteotan bildutako atxikimenduak bistaratu nahi ditu, Xua gurasoengandik bereiziko duten egun horretan ere hiruren etxeratzea galdegitearekin batera.

XUA GURASOEKIN ETXERATZEKO DATOZEN DEIALDIAK
Urtarrilak 19, igandea
11:30 “Motxilak gora!” ikuskizuna Donostiako Atano pilotalekuan. Sarrerak: 6 euro aurrez, 8 euro egunean bertan. 0-2 urte artekoek doan. Sarrerak aurrez sare.eus bidez eskura daitezke.

19:00 “Xua Gurasoekin Etxera” aldarrira azken hilabeteotan bildutako atxikimenduak bistaratzeko elkarretaratze berezia Eguzkitzako errotondan (Aliprox saltoki ondokoan).

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 
Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.