Joxan Artzeri gorazarre, bere heriotzaren bigarren urtemugan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 13a, 09:56
"Joxan Artze guregan" zioen lore sorta Mikel Laboa plazako eskulturan. Argazkiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Sortzaile usurbildarraren errezitaldiekin eta Mikel Laboa plazan egin zioten lore eskaintzarekin omendu zuten igandean, hil zeneko bigarren urtemuga egunez, Joxan Artze. Gogoan izan, Sutegi udal liburutegian abiatu dituzten ekimenei esker omentzen segitzeko aukera dugula egunotan. 

Sortzaile usurbildarra zendu zenetik bi urte bete ziren igandean. Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez partekatu zuen ondoko irudian ikus daiteke, Mikel Laboaren omenezko plazako eskulturan "Joxan Artze guregan" lore sorta bat eskaini ziotela sortzaile usurbildarrari. Horrekin batera, bere errezitaldiak entzuteko aukera izan zen plaza inguruan.

"Gaur bi urte hil zen Joxan Artze. Bere hitzekin egindako abestiak, anaiarekin jotakoak eta haren errezitaldi batzuk daude entzungai gaur, frontoian. Lore eskaintza ere egin diote, Mikel Laboa plazako 'Ikimilikiliklik' monumentuan", Udalak gogorarazi zuenez.

Erregistro liburua eta erakusketa Sutegin
Bigarren urtemuga honetan ere Artze oroitu eta omentzeko aukera izango da Sutegi udal liburutegian antolatu duten erakusketatxoari eta erregistro liburuari esker.

Sortzaile usurbildarra zendu zela bi urte beteko diren egunotarako Joxan Artze omentzeko bi ekimen iragarri ditu Usurbilgo Udalak; batetik, hilaren 17ra arte hitz batzuk idatziz eskaintzeko aukera izango da Sutegi udal liburutegian izango duzuen liburuan. “Idatzi txiki bat, poema bat, Joxan gogoan bihotzetik ateratzen zaigun hori idatzi ahal izango dugu bertan”. Horrekin batera, epe berean, Artzeren liburuak ikusgai izango ditu udal liburutegiak.