14.380 euro Zuberoako ikastolentzat

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 15a, 11:24

Balantze ezin gozoagoa egin du Nafartarrak kultur taldeak, Zuberoako ikastolak laguntzeko udazkenean antolatu zuen elkartasun kanpainaz. Bertako produktuez hornituriko saskiekin guztira 14.380 bildu dituzte.

Auzolanean bideraturiko beste egitasmo baten arrakasta. Emaitzak eskutan pozik eta esker oneko agertu da Nafartarrak kultur taldea, udazkenean zehar antolatu zuen elkartasun kanpainaren bueltan. Zuberoako ikastolak laguntzeko han ekoitzitako produktu gozoez hornituriko saskiak jarri zituen eskuragarri. "Usurbilen, 330 saski saldu dira (horietatik 231 Ahuxki eta 99 Irati saski)". Datuok eskutan, Nafartarrak taldekoen esanetan, "gure herriko datuetara etorrita, salmenta handia izan dela garbi geratu da". 

Usurbildik kanpo Euskal Herri osoko datuak aintzakotzat hartuta, 1.600 saski saldu dituzte eta guztira, "14.380 euro lortu dira aurtengo kanpainarekin". Emaitzokin aipatu moduan pozik eta esker oneko agertu da Nafartarrak kultur taldea. "Eskerrak eman nahi genizkioke parte hartu duten herritar guztiei, herritarren ekarpenik gabe ez genuelako honelako emaitzarik lortuko". 

Aldo beretik segitzera animatzen dute Nafartarrak kultur taldetik hurrengo kanpainetan. "Jarrai dezagun guztion artean Zuberoako ikastolak eta bertako ekoizle txikiak sostengantzen. Hurrengo elkartasun kanpainara arte!".