Erakusketa eta ekimen ezberdinak ditu martxan Sutegi udal liburutegiak

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 17a, 08:01
Artze omentzeko Sutegi udal liburutegiak egokitu duen erregistro liburua eta erakusketa. Argazkiaren egilea: Sutegi udal liburutegia.

Batetik Joxan Artze oroitzeko erakusketa eta erregistro liburua jarriak dituzte Sutegin urtarrilaren 18ra arte. Hilaren 22rako antolatu duten irakurketa-solasaldirako aleak ere eskuragarri dituzte. Ostiralean kultur etxeko auditorioan Amelia Tiganus eskaintzekoa den hitzaldiaren harira bestalde, prostituzioa ikuspegi ezberdinetatik lantzen duten liburuak ikusgai jarri ditu baita udal liburutegiak.

Urte hasiera mugitua bizitzen ari dira Sutegi udal liburutegian. Ekimen ezberdinak ditu martxan. Lerrootan bildu ditugu xehetasunak.

Artze omentzeko erregistro liburua eta erakusketa Sutegin
Bigarren urtemuga honetan ere Artze oroitu eta omentzeko aukera izango da Sutegi udal liburutegian antolatu duten erakusketatxoari eta erregistro liburuari esker.

Sortzaile usurbildarra zendu zela bi urte beteko diren egunotarako Joxan Artze omentzeko bi ekimen iragarri ditu Usurbilgo Udalak; batetik, hilaren 18ra arte hitz batzuk idatziz eskaintzeko aukera izango da Sutegi udal liburutegian izango duzuen liburuan. “Idatzi txiki bat, poema bat, Joxan gogoan bihotzetik ateratzen zaigun hori idatzi ahal izango dugu bertan”. Horrekin batera, epe berean, Artzeren liburuak ikusgai izango ditu udal liburutegiak.

Euskarazko irakurketa-solasaldia Kattalin Minerrekin
Udal liburutegiak urtarrilaren 22rako antolatu duen irakurketa-solasaldian aztertuko den liburuaren aleak eskura ditzakezue aurrez Sutegin bertan. Urtarrilaren 22an 19:00etan Sutegi udal liburutegian, liburutegiak berak eta Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolatutako irakurketa-solasaldia ospatuko da. Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” ipuin-bilduma aztertuko da ikuspegi feministatik, Kattalin Miner kazetari eta idazleak bideratuko duen saioan. Liburuak eskuragarri dituzue Sutegin.

Amelia Tiganusen hitzaldiari lotutako erakusketa
Sexu indarkeria neoliberalismoan eta honi aurre egiteko estrategia feministak hartuko ditu ahotan Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistako kide eta ekintzaile feminista ezagunak, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak eta M8 taldeak urtarrilaren 17an 19:00etan Sutegiko auditorioan elkarlanean antolatu duten hitzaldian. "Bere azalean bizitakotik eta ikasitakotik abiatuko da. Gorputzetik hitzetara. Oraindik ere zalantzak dituzue? Ziurtatzen dizuegu interesgarria izango dela eta ez zaizuela damutuko bertaratzea!", luzatu dute hitzaldirako gonbita antolatzaileek. 

Hitzaldiaren harira prostituzioaren gaia ikuspuntu ezberdinetatik jorratzen duten liburuen erakusketa egokitu du udal liburutegiak.