18 urtetik beherako haur eta gazte motxiladunok abesten, errezitatzen... aritu dira. Emanaldian zehar husten joan diren motxila erraldoia bizkar gainean zeraman Porrotx izan dute bidelagun. Guraso bat edo biak preso dituzten ume eta gazteok bizi duten bidegabekeria, sufrimendu eta eskubide urraketez betetako motxila husten joan dira emanaldian zehar.
Ikuskizunean zehar, haur motxiladunen gutun bat irakurri da, Maider Zabalegi abesten aritu da, dantzari gaztetxo talde batek ere emanaldia eskaini du. Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenekoek sortutako abestiarekin batera landu zuten koreografia ere plazaratu du oriotar talde batek.
Bertsotan ere aritu dira. Bertsoetako batean Xuari muxu bat helaraztearekin batera, "segiko dugu inor ez dadin izan motxilen menpeko" zioten.
"Olatz eta Patxi Xuarekin etxean nahi ditugu"
Xuaren ama Olatz Lasabagasterren lankide Hik Hasikoek ere "Xua, Olatz eta Patxi maite zaituztegu" adierazi dute, igande honetan 3 urte bete eta gurasoengandik bereiztear duten Xua zoriontzearekin batera. "Xuaren ama baikorra da, Hik Hasikoak bezala", zioen Ainhoa Azpiroz usurbildarrak. Bizipoza, ongizatea eta dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzearekin batera, Porrotxen motxila baikortasunezko globo koloretsuez bete dute. "Patxi aita eta Olatz ama Xuarekin etxean nahi ditugu. Zorionak Xua! Olatz eta Patxi maite zaituztegu!", adierazi diete.
Amaieran, emanaldiko izenburuari ("Motxilak gora") gorazarre eginez, globo txuriak jaurti dituzte motxilak bailiran. Xuari "zorionak zuri" abestuz eta talde argazki erraldoi bat aterata bukatu dute Atanoko emanaldia.