Donostiako Atanon "Motxilak gora!" ikuskizun jendetsua ospatu aurretik hedabideei eskainitako adierazpenetan, emanaldiaren xedea argitu du Sarek. "Espetxe politika hau azalean erarik gordinenean bizi duten motxiladun haurren egoera" plazaratu nahi izan dute.
Guraso bat edo biak espetxean dituzten 18 urtetik beherako 102 haur eta gazte daude egun Euskal Herrian, "astebururo astebururo ehunka kilometro egin behar dituztenak 40 minutuz beraien ama, aita edo gurasoak ikusteko". Motxiladun haurren kolektiboak kide berri bat izango du aurrerantzean; igande honetan 3 urte bete eta gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak dituen gurasoengandik bereiziko duten Xua Lasagabaster Uranga usurbildarra.
"Motxilak zamaz arindu eta irriz betetzen jarraituko dugu"
"Bai aitak eta bai amak hiru laurdenak beteak dituzte, eta berez, legeari jarraiki Usurbilen edo umearekin egoteko baldintzak badaude, legeak honela onartzen du", gogorarazi du Sarek. Baina halere, Xua gurasoengandik bereiziko dute egunotan. Aurreko asteburuan Bilbo eta Baionako manifestazioetan batu ziren 80.000 lagunek eskatu bezala, gaurko emanaldiarekin ere "espetxe politika aldatzeko garaia dela" adierazi nahi izan dute. "Legeak badituela aukerak espetxe politika hori aldatzeko", Sarek nabarmendu duenez.
Espetxe politika aldatzeko garaia dela irudikatzeko goizean egin duten ikuskizunera joandakoei honako mezua helarazi nahi izan die Sarek: "Zorionak eta eskerrik asko gaur Atano musikaz, dantzaz, maitasunez eta itxaropenez betetzen lagundu duzuen guztioi!". Iragarri dutenez, "Xuaren eta gainontzeko motxiladun umeen motxilak zamaz arindu eta irriz betetzen jarraituko dugu sufrikario hau amaitu eta Xua eta motxiladun umeak gurasoekin etxeratu arte".