Xua Gurasoekin Etxera

Xua Gurasoekin Etxera: "Injustizia honen kontra borrokatzen jarraituko dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 19a, 19:58

Xua gurasoekin etxeratzeko aldarriarekin hilabeteotan bat egin duten eragile eta norbanakoak eskertu nahi izan ditu herri plataformak, Xua bere hirugarren urtebetetzeagatik zoriondu eta gurasoekin etxeratzea eskatzeko igande iluntzean Eguzkitzan egin duten elkarretaratze berezian. Hilabeteotako ahaleginak eginda ere, Xua bere gurasoengandik banandu dutela berri eman dute, Olatzi eta Patxiri eskubidez zegokien egun batzuetako baimena ukatu dietela. Egoera bidegabeak bere horretan segi arren, "injustizia honen kontra borrokatzen jarraituko dugu" iragarri dute aipatu herri plataformakoek.

Ondoko adierazpena plazaratu dute, igande iluntzean Eguzkitzako euskal presoak euskal herriratzearen aldeko muralaren parean egin duten elkarretaratze berezian:

XUA GURASOEKIN ETXERA
Azken hilabeteotan Olatz, Patxi eta Xua ez banatzeko hainbat ekimen egin ditugu gure plataformatik. Eskakizun honetara orain artean batu zareten norbanako eta talde guztiak eskertu nahi ditugu. Ez dira gutxi izan, Patxi Urangari eta Olatz Lasagabasterri (Xuaren gurasoak) legedia arrunta aplikatuz, familiaren banaketa ekiditea eskatu dutenak. Orotara, 2.220 pertsonek babestu dugu eskakizuna. Usurbilgo eta Orioko 88 talde, elkarte eta merkatariek era berean atxikimendua azaldu dute.

Bereziki nabarmendu nahi dugu, Arartekoaren aldetik jasotako arreta eta bere esku dagoena egiteko prestutasuna. Baita Usurbilgo ikastolarena, eta parrokiako bi erretoreena, beren izenean familia ez banatzeko eskaera bideratu baitiete espetxeko zuzendaritza orokorrari eta zaintza epaileari. Halaber, Orio eta Usurbilgo udal talde guztienak, aurkeztu genuen mozioa aho batez onartu zutelako iazko urriaren 31n. Era berean, Batzar Nagusietako talde gehienek ere mozio berberarekin bat egin zuten joan den urtarrilaren 8an. Erakunde horiek ere beren akordioen berri eman diete espetxeko zuzendaritza orokorrari eta zaintza epaileari. 

Tamalez, ahalegin hauek ez dute emaitzarik izan, eta gaur 3 urte bete dituen egunean, Xua bere gurasoengandik banatu egin dute. Azken orduko berri bat ere jaso dugu. Zaintza epaileak espetxetik egun batzuk ateratzeko baimena ukatu die Olatzi eta Patxiri, nahiz eta bigarren graduan izanik, horretarako eskubidea izan baduten.

Baimena ez onartzeko argudioen artean, honakoa: "el permiso resulta en este momento prematuro, desaconsejable y difícil de entender socialmente". Guri bai egiten zaigula arrazonamendu hori zaila  ulertzea, izan ere arestian aipatu ditugun atxikimendu guztiek hutsean uzten dituzte epaileak jarritako arrazoiak. 

Gaur Xua motxiladun ume berri batean bilakatu da, eta beren ama edo aita edo biak ikusteko ehunka kilometro egin behar dituzten 102 umeen zerrendara gehitu da. Egoera krudel honi irtenbidea emateko garaia da, gomendagarria da, eta sozialki ulergaitza dena da egun oraindik bere horretan mantentzea. Horregatik injustizia honen kontra borrokatzen jarraituko dugu, ume horiek lehenbailehen motxilak gainetik erantzi ditzaten.

Xua gurasoekin etxera