Mahai-ingurua gaur, urtarrilaren 30eko greba orokorrerako arrazoiez

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 21a, 11:07

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30erako deitua duen lan, pentsio eta bizi duinen aldeko greba orokorrera begira hitzordu desberdinak iragarri dira egunotarako. Batetik, Buruntzaldea mailako mahai-ingurua iragarri dute astearterako, greba prestatzeko bilera irekia biharamunerako. Bestetik, Ernai Usurbilek ere greba prestatzeko zenbait hitzordu finkatu ditu. 

"Hamaika arrazoi grebarako" aldarripean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eragile anitzekin urtarrilaren 30erako bizi, lan eta pentsio duinen alde deitutako greba eguna hurbiltzen doa. Inguruotan ere hasiak dira ekimenak iragartzen. Aipatu Kartako eragileek eskualde mailako mahai-ingurua iragarri dute urtarrilaren 21ean 19:00etan Hernaniko Biteri kultur etxean. 

Grebarako dauden arrazoiak izango dituzte hizpide. "Greba zertarako? Zergatik orain?... galdera hauei erantzuna eman nahi diegu eta guztion artean hausnarketa bat egin, grebaren arrazoi eta momentuaren inguruan. Honen guztiaren inguruan hitz egiteko antolatu dugun deialdi honetan parte hartzera animatzen zaituztegu".

"Gazte kedadak"
Ernai Usurbilek bestalde, greba eguna prestatzeko zenbait hitzordu deitu ditu. "Gazte kedadak" deitu ditu urtarrilaren 16, 23 eta 28rako goizeko 10:30etan. "Urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira, Usurbilgo gazteak antolatzeko beharra dugu! Horren ondorioz, ostegunetan greba prestatzeko gazte kedadak egingo ditugu! Usurbilgo gazteak ere lan, pentsio eta bizitza duinen alde borrokatuko dugu! Animatu eta zabaldu!".

Lehenago, greba orokorra prestatzeko herritarren batzordeak azken bilera irekia deitu du hilaren 22rako 18:30etan Potxoenean.

Bideo atxikimenduak
Greba deialdiari atxikimendua adieraztera animatzen dute deitzaileek. Lagun, lankide edo herritarren artean bildu eta greba egiteko deia jasotzen duen bideo labur bat grabatuz. "Eman arrazoi batzuk greba egiteko, bidali elkartasun mezu bat edota egin zerbait originala". Gero bideoa sare sozialen bidez partekatzea eskatzen dute, #GuEreGrebaOrokorra traola txertatuta eta norbere herri, ikastetxe edo lantokia aipatuta.