Arrakasta itzela, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako 600 partaide biltzeko bidean dira

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 21a, 08:55

Igandean ospatuko den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izen emate kopurua 550era heldu den honetan zabalik segitzen du urtarrilaren 26ko hitzordurako inskripzio epeak. Antolakuntzak 600 izen emateetara heltzean parte hartzeko aukera itxiko duela iragarri du. Ibilbideen gaineko xehetasunak ere argitara eman ditu.

550 izen emateetara helduak ziren aste hasiera honetarako, eta 600 inskripzio bildutakoan apuntatzeko aukera ixtea erabaki du urtarrilaren 26an ospatuko den Irisasi BTT Hotzak probaren antolakuntzak. Kopuru horretara iritsi artean, ostiral gaueko 22:00ak arte kirolprobak.com atarian eman ahalko da izena. Edo igande goizean frontoian, 8:45ak arte. Prezioen berri hemen:
-Federatu gabeek: 22 euro.
-Federatuek: 20 euro.

Urtarrilaren 26an, proba egunean ere izena eman ahalko da, 8:45ak baino lehen antolakuntzaren mahaian, 30 euroren truke. Antolakuntzak ohartarazi duenez, "14-16 urte arteko txirrindulariek proban parte hartzeko aukera izango dute baldin eta uneoro heldu baten ardurapean badaude. Kasu hauetan, izena ematea irisasibtt@gmail.com korreoaren bidez beteko da".

Bi ibilbide
Hilaren 26an, goizeko 9:00etan abiatuko dira parte hartzaileak. Bi ibilbide izango dira aukeran; motza, 21,15 kilometrokoa, 586 metroko desnibelekoa. Ibilbide luzea bestetik, 33,68 kilometrokoa, 1.143 metroko desnibelarekin. “Motzean du oinarria baina lau luzapen izango ditu. Norberak aukeratu beharko du zein egin, kilometro, aldapa, zailtasun eta neke gehiago pilatzeko…”, antolakuntzaren esanetan.

Dortsal bilketa
Ibilbide luzea edo motza osatzeko izena emanda, adi; dortsalak probaren bezperan, larunbat arratsaldez 17:00-19:00 artean jaso ahalko dira Sutegin. Baita igande goizean ere, 8:45ak baino lehen, “eta mailota zenbait kasutan”, antolakuntzak ohartarazi duenez. Facebook bidez jaso dezakezue antolakuntzaren berri gehiago, “Irisasi BTT Hotzak Akabatzen 2020” orrialdean.

Parte hartzaileei zuzenduriko antolakuntzaren oharra. "Gipuzkoako Diputazioak basoen eta naturaren kontserbazioa lortzeko kudeatzen dituen bideak eta ingurune babestuak erabiltzen ditugu IRISASI BTT trabesia antolatzeko. Beraz, errespetatu beti antolakuntzak ezarritako eta balizatutako ibilbidea, bertatik atera gabe", ohartarazi dute.