Maddi Egizabalek eta ikaskideek Txileko prozesu historikoaz grabatu duten dokumentalaren proiekzioa ostiralean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 22a, 11:20

Erasmus bekarekin Txilen egindako egonaldian bizitzea egokitu zitzaien prozesu historikoa "Sobrevivir" izeneko dokumentalean grabatu dute Maddi Egizabal usurbildarrak eta Lasarte-Oria, Donostia eta Oñatiko hiru ikaskideek. Ostiralean (urtarrilak 24) proiektatuko dute arratsaldeko 19:00etan Sutegin. Emanaldi honen harira Txilen bizitako esperientziaz elkarrizketa eskaini dio Maddi Egizabalek NOAUA!ri.

“Pasa den urte hau nire bizitzako urte onena izan da zalantzarik gabe”, adierazi dio NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketan Maddi Egizabalek. Munduan barrena ibilia da. Afrikan lehenbizi; Ugandako herri txiki batean bi astez bertako komunitatean laguntzen; bereziki haur eta emakumeekin, bertako eskolako proiektuan laguntzen… “Ikusi nuen argi bat bertako jendeak, haurrek transmititu zidatena. Ordutik ia egunero oroitzen naiz haietaz eta gogoz nago berriz hara joateko”, adierazi digu Maddik.

Afrikan hasitako proiektura soilik ez. Sei hilabetez bizitzen egon den Hego Ameriketara ere bidaiatu nahi luke berriz, “itzulerarik gabeko txartelik gabe”, azken urte erdian bertan jorratu duen bideari segida emateko, “ezagutzen jarraitzeko, emakume eta haurrekin hezkuntzaren alorrean lan egiteko”.

Hezitzaile izateko ikasketak burutzen ari den gazteak itsasoz bestaldeko errealitatea hurbilagotik ezagutzeko aukera izan du beka bati esker, ikaskide talde batekin batera. Kolonbia, Peru, Kolonbia eta Txile.

Bizi egoera gogorrak
Beka deialdiari esker egonaldia egiteko herrialdean (Txilen) bizitzen hasi zirenean, inguru zoragarriak ezagutzeko aukera izan zuten. Baina une oro “txanponaren bi aldeak ikusten genituen, alde zoragarria eta gogorra. Nola liteke halako aberastasun natural eta pertsonala duen herrialdean jendea hala bizitzea?”, galdetzen du Egizabalek. Hezitzaile gisa praktikak egitea egokitu zitzaienean errealitate gordin honen lekuko zuzenean bilakatu ziren. Haur eta emakumeen eskubide urraketa larriaz ohartarazi zituen aurrean zuten panoramak. “Beraien espazioak partekatzean indarkeria, egoera oso gogorrak bizitzea egokitu zitzaigun”. Haurren pobrezia ikaragarria ezagutu zuten, “umeak kalean eskatzen”.

Antofagasta, Txile iparraldeko kostaldeko hiriburua izan du bizilekua Maddik. Hango unibertsitatearen bidez praktikaldia egin ahal izan zuten eskoletan, eta aurrez zekitena berretsi ahal izan zuten. “Bagenekien Txile oso elitista zela, hezkuntza sisteman ezberdintasun sozialak oso argi islatzen zirela”. Eskema zahar asko indarrean dituztela aipatzen digu Maddik. “Umeei errieta egitea uniformea eraman ez dutelako, ezin dutenean ordaindu. Edo guri uniformea eramatera derrigortzea, piercing eta tatuaiak kentzera”.

Maddiri lan egitea egokitu zitzaion eskola publikoan, 6-7 urteko 40 ume zeuden. “15ek behar oso bereziak zituzten. Batzuk lehen orduetan ez ziren etortzen. Nabari zen ez zetozela leku oso egonkor eta seguru batetik. Ume hauen barrura iristea oso interesgarria izan zen. Heldu askok bizi gabeko esperientziak zituzten”.

“Txile esnatu zen”
Eskuzabalik hartu zituzten Txilen Maddi eta ikaskideak. “Etxean bezala sentiarazi gintuzten”. Bertako jendearekin hartuemanetan jabetzen ziren “itota bizi zirela, baina itolarri hori inoiz ez zuten transmititzen”. Argi esan dio NOAUA!ri, “ez nuen irudikatuko halako eztanda bat gertatuko zenik”. Ezta hain hurbiletik biziko zutenik ere.

Urriaren 18an izan zen, bat-batean. “Ohiko larunbat bat zen. Bat-batean Santiagotik (Txileko hiriburu nagusitik) metroko gazte batzuk balen perdigoiekin zaurituak zirela erakusten zuten irudiak jasotzen hasi ginen”, kontatu digu Egizabalek. Hortxe lehertu zen ordura arte ziurrenik hango gizartean isilpean zen ezinegon eta haserrea. Gazteok antza, metroko prezioaren garestitzea salatzeko ordaindu gabe sartu ziren bertara, protesta moduan. Jasan zuten polizia errepresioa bortitza izan zen. “Errepresio hark jendea haserrarazi eta kalera ateratzea eragin zuen”, dio Usurbilgo gazteak.

Plaza publikora irteteko arrazoiak anitzak ziren Maddiren esanetan. “Bakoitza bera ukitzen zuen gaiagatik hasi zen protestatzen”. Politikariekiko deskonfiantza, erreforma txikiekin konformatzen ez zen gizartea, eskubide anitzen urraketak… Gazteon arbasoek Pinocheten diktaduraren eraginez barruraino sartua zuten izua kanporatu zuen belaunaldi berriak. “Txile esnatu zela zen protesta haien aldarria”, Maddik kontatu digunez.

Etxean “giltzapetuak”
Santiagon gertatzen ari zena hurbiletik segitzen ari ziren Maddi eta lagunak Antofagastatik. “Inpotentzia handiz. Negar eragiteko gasa botatzen, adinekoak korrika, tiroak… Mobilizazioak hastearekin batera heldu zen errepresio latza”.

Gau hartan kalera atera ziren baina “ez ateratzeko esan ziguten”. Eta egoki aholkatu zieten; biharamunean “etxeratze-agindua” ezarri zuten. “Bat batean esaten digute militarrak atera dituztela kalera, ordu tarte batean ezin zarela atera kalera, eta ateratzen bazara nahi dutena egin dezaketela zurekin”. Horrekin batera, oinarrizko elikagaien hornikuntza falta arrisku bilakatu zitzaien, “bakoitzak despentsa azkar betetzeko esan zen. Presidenteak berak gerran ginela zioen. Supermerkatuetara jaitsi eta ilara handiak”.

Estuasun gehien sortzen ziena, “zer gerta zitekeen ez jakitea zen. Lehen gauean, mentalki oso ondo nengoen, baina nire gorputzak tentsioa, urduritasuna, dardara islatzen zituen. Gogoan dut jendea kazerolak jotzen”.

Estatuak ezarritako etxeratze-agindu hark helburu argia zuen Maddiren esanetan; “jendea beldurtu eta etxean sartzea. Baina ez zuten lortu. Gazte eta helduak halere kalera ateratzen ziren borrokatu eta manifestatzera”.

Lehen lau egunetan, “dena gelditu zen. Giltzapetuak ginen etxean, tiroak entzuten, gazteak poliziengandik ihesi korrika, gas toxikoak botatzeko ibilgailuak kalean, denetarik entzuten. Etxetik etengabe segitzen genuen sare sozialetatik militarrak eta polizia egiten ari ziren astakeriak”. Tartean errepresio latzak eragindako desagertuen senideen lekukotzak eta sufrimenduaren berri jaso zuten. “Manifestazio baketsuenak ere erreprimituak izan ziren. Haien bizitza egunero jokatzen ari ziren. 200 begi baino gehiago mutilatu zituzten”. Tea lagun artean hartzeko mugimendua sare sozialetan sortu zuen neska ere desagertu omen zen. “Asko lantokira joaterakoan familiarengandik agurtzen zen agian ez zela bueltatuko pentsatuz. Eta egia zen, bat baino gehiago ez ziren itzultzen”.

Bizitakoa munduratzeko beharra
Egunak aurrera joan ahala, pixkanaka etxeko itxialdia hausten joan ziren. “Lehen aldiz atera ginenean, Unibertsitateak Erasmuseko ikasleentzat antolaturiko terapia saiora joan ginen, denak ginelako estuasun erreprimituarekin”. Bizitzen ari ziren egoera askatasunez bizitzea erabaki zuten. Unibertsitaetan sare batzuk osatu zituzten izen emateko, kalera ateratzen zena “gerora etxera itzultzean ondo zegoela adierazteko”.

Manifestazioetan parte hartzen hasi ziren. “Maskara, bikarbonatoa, limoiak eramatea aholkatu ziguten. Normala babestu beharra izatea. Berdin zitzaien aurrean zutena amona bat edo haur bat izan. Herri osoa elkartuta ari zen modu ezberdinetan borrokatzen. Bat batean gasa botatzen zuen ibilgailua agertzen zen eta denak masan korrika beldur handiz”.

Baina zerbait gehiago egiteko beharra sentitu zuten, gertatzen ari zena gobernua eta hedabideak nola manipulatzen zuten ikusita. “Gertatzen ari zena munduak jakiteko beharra sentitu genuen. Bertako jendeak gugatik egindakoa eskertzeko modu bat zen baita”. Hortik sortu zen orain Sutegira dakarren “Sobrevivir” dokumentalaren sortze prozesua. 34 lekukotza batu zituzten, tartean “poliziagatik jarraituak ziren asko”. Mobilizazioak grabatu zituzten. “Beldurra sentitu genuen. Bagenekien asko ari ginen arriskatzen”. Argi dio, egun haietan “ez zen existitzen lasai eta aseguru egotea”.


Duintasunez bizi nahi duen herriaren lekukotza Sutegin
Txilen grabatu duten “Sobrevivir” dokumentala urtarrilaren 24an 19:00etan ikusi ahalko dugu Sutegiko auditorioan. Ikus-entzunezko lan honekin, urrian izandako eztanda soziala zerk eragin zuen, eta eztanda hark izandako bilakaera jaso dute irudi eta txiletarrengana hurbilduko gaituzten isildutako lekukotzen bidez.

Hiri erdiguneetatik aparteago, “hau guztia auzo baztertuenetan nola bizi izan duten” ere erakutsiko dute, “ahotsik ez dutenei ahotsa emateko aukera” izan baitute.

Sobrevivir” jarri diote izena dokumentalari, “sobre” hitza zirriborratu dute, bizi hitza nabarmentzeko. “Bizirauten duen herri bat da”, zorpetua, isilik, beldurtua, oinarrizko bizi eskubideak urratuak… dituen herria baita Txile. “Biziraun duen herri batek duintasunez bizitzeko borrokatzen du” eta horixe islatu nahi izan dute ikus-entzunezko lan honetan.