NOAUA! Udarregira lehen aldiz hurbildu behar duten gurasoei zer aholkatuko zenieke?
Mariaje Imaz, Udarregi ikastolako zuzendaria: Lehenik eta behin esango nieke hemen ateak irekita dauzkagula beti. Gugana hurbiltzeko konfiantza guztiarekin.
Matrikulazio garaian, ate irekien eguna antolatzen dugu eta aurten urtarrilaren 25a izango da elkartzeko eguna. Eraikin berriko jangelan batuko gara, goizeko 10:30ean. Gure proiektua ezagutarazteaz gain, eraikina erakutsi eta gainerako zerbitzu guztien berri emango diegu.
Orain zabalik dagoen matrikulazio kanpaina 3-16 urte bitarteko haurrak dituzten familiei dagokie. Beraz, adin horretako seme-alabak dituztenentzat pentsatuta dago Ate Irekien jardunaldia.
Guk gure ikastola estimu handian dugu, eta iruditzen zait oso lan interesgarri eta ona egiten ari garela berrikuntza pedagogikoaren eremuan. Zentzu honetan, ziur gaude, Usurbilgo Udarregi ikastolak egiten duen hezkuntza-eskaintzak, familiek beren txikienentzat nahi dutena bezain osatua eta kalitatezkoa eskaintzen duela, eta irudikatu dezaketen eredu onenaren pare aurkituko dutela.
Bestalde, gure proiektuaren baitan, funtsezko zutabe dira familiak. Familia edozein modutakoa izanik ere, gurean aurkitu dezake bere tokia. Beraiekin batera berritu eta eraldatu nahi dugu gure hezkuntza proiektua. Horretarako familien parte hartzea behar beharrezkoa da.
Lehen aldiz hurbiltzen diren gurasoak ilusio handiarekin gerturatzen dira, beren seme-alabentzat eskolarik onena emateko, eta modu arduratsuan bizi dute garai hau. Esango nieke euren txikiak konfiantza osoarekin ekar ditzaketela hona. Oso ondo artatuak izango direlako, giro adeitsuan eta maitekorrean.
Gustuko dugu gure lana eta konfiantza eta ilusio osoarekin ekiten diogu eguneroko lanari. Euskal Herrian zehar, han hemenka, dauden beste ikastolekin partekatzen dugun hezkuntza eredua elkarrekin lantzen dugu eta elkar laguntzen diogu. Familia handia gara, are eta handiagoa, ikastolan konfiantza jartzen duten eta hurbiltzen diren familiekin!