Azken atxiloketak salatzeko elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 22a, 07:59

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz eta preso ohiei eginiko harrera ekitaldien harira, Guardia Zibilak Zarautzen Antton López Ruiz, Agurainen Oihana San Vicente, Gernikan Oihana Garmendia eta Lizartzan Haimar Altuna atxilotu ditu asteazken goiz honetan. Atxilotuak aske uztea eskatzeko urgentziazko elkarretaratzea deitu du Sortu Usurbilek asteazken iluntze honetan, 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Antton Lopez Ruiz Kalera Kalera dinamikako bozeramaileetako bat da, Kalera Kalerako idea  baita Oihana Garmendia, Oihana San Vicente Arabako Sorturen arduradun politikoa eta Haimar Altuna Sorturen arduraduna Gipuzkoan. NAIZ  hedabideak berri eman duenez, atxiloketok Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu ditu, eta ustez, preso ohiei eginiko harrera ekitaldiekin lotura izan dezakete. Hedabide berak gogorarazi duenez, Lopez Ruiz eta Garmendia 2018ko martxoan ere atxilotuak izan ziren Miren Zabaletarekin eta Olatz Dañobeitiarekin batera, 2017ko azaroan Belen Gonzalezen agur ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta. Ordu batzuen buruan aske geratu ziren guztiak.

Sortuk atxiloketok baieztatzearekin batera "aski da!" adierazi du sare sozialen bidez. "Atxiloatuak askatu! Bakea eta askatasuna irabaztera" aldarripean mobilizatzera deitu du. Usurbilgo Sortuk urgentziazko elkarretaratzea deitu du iluntzeko 20:00etarako Mikel Laboa plazan.

Egoera politiko berria saboteatzea helburu
Sortuk egin duen agerraldian, Sorturen lau kideak atxilotuak aske uztea exijitu eta elkartasuna adierazi diei haiei eta lagun zein senideei. Dispertsioaren aurka eta espetxe politika errotik aldatzearen aldeko adostasuna inoizko handiena izan eta Espainiko gobernu berria independentismoaren parte batek ahalbideratuta eratu denean gertatu direla nabarmendu du Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek. "Gobernu bat zeinak aitortu duen Katalunian eta ondorioz baita Euskal Herrian ere gatazka politiko bat dagoen, zeinetan aterabide politiko eta demokratiko bat eman behar zaion".

Testuinguru honek argi uzten du Rodriguezen esanetan, "eraso honen beteko asmoa". Atxiloketon izaera politikoa nabarmentzearekin batera, gaineratu duenez, "zuzenki lotuak daude Ezker Abertzaleak konkretuki eta independentismoak zabaltzen lagundu duen egoera politiko berriarekin. Azken batean atxiloketa hauek saiakera berri bat dira eskenatoki berri hau baldintzatu eta lokazteko, aukera leiho hau ixten saiatzeko". 

Itxura, preso ohiei eginiko harrera ekitaldien harira izan dira atxiloketok. Sorturen esanetan, "ongi etorriena aitzakia hutsa da. Parez pare duguna estatu sakon bat da edozertarako prest dagoena aukera leiho hau zapuzteko. Edozer gauza egiteko prest dagoena bai Katalunian eta Euskal Herrian gatazka politikoaren soluzio politikoaren aukera huts bat izan daitekeen hori zapuztu, oztopatzeko".

Erantzuteko deia
Atxiloketon aurrean, erantzutera deitu ditu eragile politikoak eta gizartea, "Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondorio politikoen eta arrazoien konponbide demokratiko eta politikoa bultzatuta". Atxiloketon atzean kokatu dituen ultraeskuindar judizial, politiko eta mediatikoari adierazi dio, atxiloketokin espero badute "Ezker Abertzalea eta independentismoa bere hausnarketa politiko, konpromiso eta bere arduratik milimetro bat mugitzea, ez dute ezer lortu. Jarraituko dugu sortzen lagundu dugun eskenatoki eta aukera leiho hau probesten ahalbait gehien".