Gaurkoak agertoki berri baten aurkako atxiloketak izan direla salatu dute Sorturen elkarretaratzean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 22a, 20:46

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak goizean atxiloturiko Antton Lopez Ruiz ‘Kubati’, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia eta Haimar Altuna aske utzi dituzte arratsaldean, guardia zibilen aurrean deklaratu ostean. Lau lagunei elkartasuna adierazi eta goizeko atxiloketak salatzeko urgentziazko elkarretaratzea egin dute 20:00etan Mikel Laboa plazan Usurbilgo Sortuk deituta, "bakea eta demokraria. Erasorik ez!" aldarripean. 

Mobilizazio amaieran Usurbilgo Sortuko kideek adierazi dutenez, "gaurko atxiloketak ez dira kasualitatez gertatu". Sorturen esanetan, "atxiloketa hauek Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak sustatu duten egoera berriarekin erlazionatuta daude". 

Egungo testuingurua zein den gogorarazi dute. "Inoizko adostasun zabalena dago euskal gizartean espetxe-politika aldatzearen alde, PSOEk onartu du Katalunian gatazka politikoa dagoela (eta inplizituki Euskal Herrian ere)".

Gaurko atxiloketak, "ezker abertzaleak eta orohar independentismoak irekitzen lagun dezakeen edozein aukera-leiho zapuzteko saiakera bat da. Izan ere, independentismoak aukera-leiho bat zabal dadin lan egin du. Euskal Herriko eta Kataluniako gatazketan aurrera egitea ahalbidetu lezakeen agertoki berri baten alde jardun du". 

Hedabideek zabaldu dutenez, preso ohiei eginiko harrera ekitaldien harira izan dira gaur goizeko atxiloketak. Baina "ongi etorriena aitzakia baino ez da" Sorturen esanetan. "Katalunian pankartak eta xingola horiak aitzakiatzat erabili zituzten moduan, Generalitateko presidentea kargutik kentzeko. Modu bertsuan jokatu zuen Auzitegi Gorenak inbestidura saioa zapuzteko eta oro har edozein aukera leiho irekitzeko, Junqueras ezgaitzea erabaki zuenean", gogorarazi du Sortuk.

Gatazkaren konponbidearen aurka
Egoera honetan aurrez aurrez dagoen Ezker Abertzalearen esanetan, "Estatu Sakona dugu. Edozer egiteko prest dagoena. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa edozer egiteko prest dago gatazkaren ondorioen nahiz zergatien alorrean aurrera pausorik eman ez dadin. Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa gerran daude gatazka konpontzeko edozein soluzio-hipotesiren aurka".

Lehenago, Ezker Abertzalearen estrategia aldaketarekin, ETAren armagabetze eta amaierarekin egin bezala, "egoera politiko berria saboteatu nahi dute".

Egoera honen aurrean, "gatazkarentzat eta haren ondorioentzat soluzio politiko eta demokratikoak susta ditzaten" dei egiten die Sortuk eragile politikoei eta jendarteari. "Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatiko horri zera adierazi nahi diogu: errepresio bidez, Guardia Zibilekin eta Auzitegi Nazionalarekin, ez dute agertoki berri bat irekitzeko aukera lortzearren Ezker Abertzaleak egindako jarduna aldatuko".