Greba orokorra

Usurbilgo Greba Batzordea: “Karta Sozialak barnebiltzen dituen eragile gehienetara heldu da baita Usurbil eta greba haiena egin dute”

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 23a, 10:18

Greba orokor baten atarian da Euskal Herria, eta baita noski Usurbil. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko protesta eguna deitu du urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan biltzen diren eremu ezberdinetako eragile anitzek.

Prestaketa lanak eskualde eta herrika egituratzen ari dira asteotan; Usurbilen ere lanean ari da urte amaieran osatu zen Greba Batzordea. Asteazken honetarako zuen iragarria azken bilera irekia, hilaren 30eko “azken zertzeladak itxi eta egunari begirako mobilizazioak lotuta uzteko”. Laugarren bilera irekiotan, herritar nahiz talde orok parte hartzeko aukera izan du. Horixe zen helburua gainera; “beharrezkoa ikusten genuen Usurbilgo eragile sindikal eta sozial ezberdinak biltzea, herrian eragin ahal izateko”. Antolatzeko behar horretatik sortu zuten aipatu bilgunea. Batzorde jendetsua izatea baino kolektibo, eragile anitz ordezkatuak izango ziren taldea osatzea zen helburua, eta atxikimendu ugari batu dituzte: enpresetako langileen ordezkarienak, udaleko eta ikastolako langileena, mugimendu feministarena, pentsiodunena, gazte asanbladena, Ernai edota merkatarien elkartearena… “Karta Sozialak barnebiltzen dituen eragile gehienetara heldu da baita Usurbil eta greba haiena egin dute”.

Guztion oinarrizko eskubideak betearazteko
Grebarako deialdia egin duen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biltzen dituen eragile anitzen isla argia da baita, herriz herri sustatu den eragileen parte hartzea. Grebako deitzaileen, eskubidesozialenkarta.com atarian klikatzen baduzue, greba honetara heltzeko prozesuaren berri jasoko duzue. “Eskubideen gainbehera etengabearen” aurrean, egoera errotik aldatu eta Euskal Herrian aldaketa sozial eta politikoa eragingo zuen alternatiba bat sustatzeko 2013-14an eztabaida prozesu bat burutu zuten hamarnaka eragile sozial (mugimendu feminista, ekologista, pentsiodunenak…) eta sindikalek. Politiken erdigunean herritarrak, eta erabakitze gunea Euskal Herrian bertan kokatu zuen prozesu horretan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta adostu eta idatzi zuten.

Bertan jasoak dagoen eskubideen zerrendak betetzeke jarraitu dute urteotan. Usurbilgo greba batzordeari aipagarriak iruditzen zaizkion “olatu sektorialak handitzen joan dira”. Mugimendu feminista edo pentsiodunen mobilizazioak, lan sektore ezberdinena… Oinarrizko hainbat eskubide urratzen direla ikusita, esan beharrik ez da, grebarako arrazoiak ere anitzak direla deitzaileen esanetan. “Hemen jokoan ez dago eragile bakoitzaren aldarrikapena, guztionak baizik. Denok gaude bizi eredu duin baten alde eta pertsonei egokitutako politiken aldeko Euskal Herri baten alde borrokan”, Usurbilgo greba batzordetik aditzera eman dutenez.

Duintasunez bizitzeko borroka bateratua
Hamarnaka eragile guztion aldarriak bildu eta plazaratuko dira hilaren 30ean. “Bakoitzak bere aldetik borrokan segitzeak ez zuen zentzurik. Ikusten zen, komunak ditugun borroka eta aldarrikapen guztiak batuko zituen greba eta mugimendu bat behar zela”. Horregatik, norberari eragiten dioten eskubide urraketetatik haratago doazen eskubideen alde borrokatzera deitzen dute, “herritarrak duintasunez biziko diren herri bat nahi badugu”.

Hamaika arrazoi eta gehiago dago grebarako honenbestez, batzordearen esanetan. Argi diote, hau ez da lan greba soil bat, “greba orokorra da zentzu guztietan. Zaintza eta kontsumo greba baita…”. Greba eraikitzailea izatea nahi dute, “ereduen talka eta euskal herritarrok zer nolako bizi eredu eta gizartea nahi dugun agerian jarriko duena”.

Denok gaude deituak grebara; ikasle, langabe, langile, pentsiodun… Bereziki azpimarratu nahi dute, 24 orduko lan uzte honetan “herrietako merkatariek eta autonomoen parte hartzeak izango duen garrantzia, azken urteetan jipoituenetako batzuk izan baitira”.

“Goazen galdutako eskubideak berreskuratzera”
Krisialdia deitu eta ustez gainditutzat eman den horretan egindako lan eta pentsioen erreformak “izugarritzat” jotzen ditu greba batzordeak eta haren ondorioak oraindik pairatzen ari dela gizartea. Eskubideak urratzen aritu direnen aldetik etorri da greba batzordearentzat, ate joka dugun 24 orduko lan uzterako deialdia deslegitimizatzeko azken asteotako saiakerak. “Egoera aldatu nahi ez dutenen aldetik etorri da, egoera hau batzuentzat oso erosoa baita”. Irabaziak gehitzeko langileen soldatak murriztu dituztenengatik ari dira, edota pentsio publikoentzat dirurik ez dagoela diotenei buruz. “Dirua egon badago, kontua da nora bideratzen duten”, greba batzordearen esanetan.

Egoera honen aurrean, gonbita argia luzatzen dute, “goazen galdutako eskubideak berreskuratzera”. Galdutako eskubideen alde eta oraindik bermatzen ez direnen alde eta “bizi prekarietatearen aurka” greba egitera deitzen gaituzte.  

Eredua aldatzeko abiapuntua
Halere, ez dute, pentsiodunen, lan baldintzen eta beste aldarrikapen anitzen plazaratze hutsera mugatu nahi. Aldarriok lortzeko borrokatzearekin batera, “herritarren kontzientzia piztea da helburua”. Argi izatea, pentsiodunen arazoak denonak direla, gazteenak bezala, eta haien alde borrokan segi beharko dela greba egunaren biharamunetik aurrera ere. “Ez da geratu nahi borroka egun batean. Kaleak bete nahi dira, baina irudi eraikitzaile hori eman nahi zaio baita. Greba egunetik haratago goazen zerbait eraikitzen hastera”.

Inflexio puntu edo abiapuntu gisa ikusten du aipatu herritarren batzordeak, urtarrilaren 30eko greba orokorra. Herritik bertatik eragiteko aukera badagoela gogorarazten du. “Aldaketa herritik hasten delako, Usurbilen badira benetako baldintzak eredua aldatzen hasi eta aldarrikapen hauek guztiak gure egunerokoan bideratzen hasteko”. Norabide argi batean, “guztiok hobeto bizi ahal izateko”.