Michelingo langileak lan hitzarmen duin baten alde borrokan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 23a, 09:20

Ordubeteko lan uzteak egiten ari dira asteazkenetan 14:00-15:00 artean Michelin atarian. Jarraipena erabatekoak izaten ari dira deialdiok langileen artean. Otsailerako 8 orduko bi lan uzte egun iragarri dituzte, bidegabetzat jotzen duten lan hitzarmena berritzeko enpresak eginiko eskaintzaren aurrean protesta egiteko. Lan hitzarmen duin bat adostea eskatzen dute.

Abenduan ekoizpenean eragin ez zuten jarraipen handiko lau elkarretaratze egin ostean, Michelingo Langileen Batzordeak lan uzte partzialak iragarri ditu urtarrila eta otsailerako. Zehazkiago esanda, ordubeteko lan uzteak urtarrilaren 8, 15, 22 eta 29rako (14:00-15:00 artean); eta zortzi ordukoak, otsailaren 5 eta 19rako. Asteazken honetan (hilak 22) egin dutenaren irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. Begi bistakoa da deialdiak izandako arrakasta; erabateko jarraipena izan du mobilizazioak.

Elkarretaratzeko pankartak argi dio, gaurkoz ez duten lan hitzarmen duin bat izatea eskatzen ari dira. Lan hitzarmen berri bat adosteko negoziazio mahaia hamabi aldiz batu da joan den ekainaz geroztik, baina bi aldeen planteamenduek oso urruti jarraitzen dute. Enpresa Batzordearen esanetan, Michelingo buruek ez dute inolako interesik erakutsi. “Egin diguten eskaintza bidegabea da, ez dugu merezi”, salatu dute langileen ordezkariek. Lantegiko egoera ekonomikoarekin eta inguruko hitzarmenen negoziazioaren errealitatearekin bat ez datorrela aurpegiratzen diote. “2019. urtean zehar adostutako hitzarmenetan, bataz besteko igoera %1,7koa izan da EAEn”. Beste negoziazio kolektiboetan, urte bakarrean %1,7 igoera adostu da. Aldiz, Michelinen, lau urteren buruan lortuko litzateke %2,5eko igoera.

Langileen batzordeak hainbat datu argigarri plazaratu ditu. Batetik, 2015-18 urte artean, urteko 200 milioi euro inguruko irabaziak izan ditu, 860 milioi eurotik gorakoak guztira. 2018an, %90eko ekoizpen gaitasuna izan zuen Michelinek. Garai zailetan gainera, langileak garai horietara egokitzeko borondatea erakutsi dutela ere gogorarazten du. 

Egungo egoerara ere nola heldu diren azaldu du Langileen Batzordeak. Sindikatu guztiak elkartzen dituen plataforma enpresarekin biltzen hasi zenetik, mahai negoziatzaileak 12 bilkura egin ostean, batzuen eta besteen posizionamenduak urrun omen daude eta "enpresak ez du negoziazioetarako inongo interesik agertzen". Adibide gisa aipatzen du langileen batzordeak, enpresako zuzendaritzak lehen bost bileretan ez zuela inolako proposamenik egin, eta langileen batzordeak osatu duen plataforma bateratuak eginiko planteamendu bakar bati ere ez ziola erantzun. Michelinek merkatuen egoera katastrofikoa dela azpimarratu baino ez omen du egin. 

Berriz biltzeko hitzordurik ez
Enpresak %2,5eko soldata igoera proposatzen die langileei hurrengo lau urteotarako, inolako bermerik edo berrikuspenerako aukerarik gabe, baita zortzi orduko lanaldia gehitzea bost taldea egiten duten lan sisteman eta "aurrerapen txikiak garrantzia gutxiko gai zehatzetan".

Urte zail hauetan bere konpromisoa agertu duen lan talde osoaren aurkako erasotzat jotzen dute lantegiak eginiko eskaintza.

Enpresa Batzordeak “eraso” baten pare ipini du jasotako eskaintza. “Ez du urte zail hauetan langilegoak erakutsi duen profesionaltasunarekin eta konpromisoarekin bat egiten”. Planteamendua “arduragabea eta berekoia” dela dio Enpresa Batzordeak: “Michelinek gehiago irabazteko, langileok gutxiago irabaztea bilatzen duelako”.

Egoera honetan, urte amaieran egin dutenaren bidetik segitzeko asmotan dira; hitzarmen duin bat izateko elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko borrokan. Ezinbestean gainera,  abenduaren 20an bildu baitziren azkenekoz lantegiko zuzendaritzarekin, eta ez dute finkatua hurrengo bilerarako hitzordua. Enpresari bere jarreraz hausnartzea eta mahai negoziatzailea biltzeko hitzordu berri bat finkatzea eskatzen diote, hitzarmen on bat izateko negoziatzen segitzeko.

“Michelingo zuzendaritzari egoera birplanteatzeko deia egiten diogu”. Enpresa Batzordeak beste bilera bat deitzeko eskatu dio Michelingo zuzendaritzari, “negoziazioarekin jarraitu eta akordio on bat lortu ahal izateko”.