Urtarrilaren 30eko greba orokorra

Greba egunerako mobilizazioen egutegi eguneratua prest

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 27a, 18:08

Herri, eskualde eta Gipuzkoa mailako mobilizazioak deitu dira urtarrilaren 30eko greba orokorrerako. Lan, pentsio eta bizi duinen aldarriak kaleratzeko 24 orduko tarte honetarako, deialdien egitaraua josi zuen Usurbilgo Greba Batzordeak aurreko astean Potxoenean egin zuen greba aurreko azken bilera irekian. 

Egun osorako mobilizazio egutegia osatu du Usurbilgo Greba Batzordeak urtarrilaren 30erako. Goizetik iluntzera, lan, pentsio eta bizi duinen aldeko aldarriek Euskal Herriko herri eta hirietako plazak hartuko dituzte; baita Usurbilgo, eskualdeko eta Gipuzkoako hiriburukoak ere. Usurbildarrak eremu guztioetako elkarretaratze eta manifestazioetara deituak daude.

Urtarrilaren 30eko greba orokorra abiatzeko, Oiardo Kiroldegian elkartzeko gonbita luzatzen dute. Herri Bira iragarri du Usurbilgo Greba Batzordeak goizeko 9:00etan hasita. Gerora, goiz erdian, 11:00etan udaletxe atarian biltzeko deia egin dute pentsiodunek. Urtarrilaren 15ean egin zuten bileran, astebete barruko greba orokorrarekin bat egitea erabaki zuen Gure Pakea jubilatu elkarteak.

Grebari atxikimendua adierazteaz gain, pentsiodunek elkarretaratzea deitu dute 11:00etan udaletxe atarian. Herritar oro deitua dago mobilizazio honetan parte hartzera. Baita ordubete beranduago Donostian iragarri den manifestaziora ere. Pentsiodunen mugimenduak 12:00etarako Alderdi Ederretik abiatuko den manifestazioa deitu du. Ordu erdi beranduago finkatu da, 12:30etan Artzai Onaren katedralean, manifestazio orokorreko deialdia.

Buruntzaldeako mobilizazioa Hernanin
Eskualdearen txanda arratsaldean. Buruntzaldeako herritarrak Hernani erdiguneko plazatik abiatuko den manifestaziora deituak daude. Hara joateko gazte deialdia egin du Usurbilgo Greba Batzordeak 18:00etan Oiardo Kiroldegian. Ordu erdi beranduago, 18:30etan, gazte blokea osatzekoa Hernaniko Tilosetan. Eta 19:00etan eskualdeko manifestazioa, aipatu moduan Hernanin.

Girotzeko deialdi gehiago...
Lan, pentsio eta bizi duinen aldeko greba orokorrarekin bat egitera animatzen dute deitzaileek, lagun, lankide edo herritarren artean bildu eta greba egiteko mezua jasotzen duen bideo labur bat grabatuz. "Eman arrazoi batzuk greba egiteko, bidali elkartasun mezu bat edota egin zerbait originala". Gero bideoa sare sozialen bidez partekatzea eskatzen dute, #GuEreGrebaOrokorra traola txertatuta eta norbere herri, ikastetxe edo lantokia aipatuta.

LAN, PENTSIO ETA BIZI DUINEN ALDEKO GREBA OROKORRA URTARRILAREN 30EAN
Greba egunaren aurretik...
Grebarako arrazoiak azalduz, lankide edo herritarrekin bideoak grabatu eta #GuEreGrebaOrokorra traola baliatuta, sare sozialen bidez zabaltzeko deia. 

Urtarrilak 28
10:30 
Greba orokorra prestatzeko “gazte kedadak”.
Deitzailea: Ernai Usurbil.

Urtarrilak 30, osteguna
09:00 Herri Bira Oiardo Kiroldegitik.
11:00 Pentsiodunek deitutako elkarretaratzea udaletxe atarian.
12:00 Pentsiodunen manifestazioa Donostiako Alderdi Ederretik.
12:30 Manifestazio orokorra Artzai Onaren katedral paretik.
18:00 Hernanira joateko gazte deialdia Oiardo Kiroldegian.
18:30 Gazte blokea Hernaniko Tilosetan. 
19:00 Eskualdeko manifestazioa Hernanin.

Deitzailea: Usurbilgo greba batzordea.